Orain hogei urte sortu zuten Xaia ostatuak eta Antxeta Irratian Bidasoan Euskaraz, eskualdean euskarari arnasgunea sortzeko. Urteen poderioz, erreferentzialtasuna hartu du hitzorduak, bertzeak bertze pala txapelketak 80 bikote biltzeraino.
Ostiral eguerdian, Iparrorratza emankizun berezia eginen du Antxeta Irratiak Xaia ostatutik, 12:00tako berrisailen ondotik hasi eta 13:00ak arte. Aitor Errazkinek gidatuko du saioa, eta antolatzaileak baita aurten oholtza hartuko duten sortzaileak izanen dira ere zuzenean. Bertzeak bertze Beñat Elizondo antolatzailea, Petti eta Pontx pailazoa izanen dira entzungai.
Bi hamarkadako ibilbidea
Beñat Elizondo Xaia ostatuko arduradun eta Bidasoan Euskarazeko antolatzailearekin hitzorduaren ibilbide historikoa aipatzeko parada izan dugu, aurtengo egitaraua ere aletzeaz gain.
Maiatzaren 2an, ostegunarekin, goizeko 9.00etan "Bidasoan oinez" ibilaldia antolatu dute, Pausu-Hendaia-Irun-Pausu zubien arteko itzulia eman eta hamaiketako goxo batekin bururatzeko.
Maiatzaren 3an ostirala: kantu afaria izango da gaueko 20:00etatik aurrera Kuxkuxtu txarangak animaturik. Sagardotegi afaria proposatzen dute 40 eurotan. Maiatzaren 4ean, larunbata, 16:00etan haurrendako PONTX pailazoaren ikusgarria, eta arratsaldeko 19:00etan PETTIren kontzertua.
Maiatzaren 5ean igandearekin borobilduko dute asteburua. Bestaren egun nagusia dela azpimarratu du Elizondok. Izan ere, jende anitz bildu ohi da goizeko 10:00etan Bidasoan Euskaraz pilota txapelketaren finalekin. Hiru mailetan lehiatzen dira otsailaz geroztik, eta Bidasoaren bi aldeetako pilotari amateurrak biltzen dituen arrakasta handiko txapelketa bilakatu da. Aurten 80 bikote inguruk hartu dute parte multzoka, eta Bidasoan Euskaraz bestan jokatzen dituzte final handiak.
Ondoren, aperitifa eta bazkaria KUSK taldeak animatuko du. Arratsaldeko 19:00etan, aldiz, Hendaiako Lanetik Egina musika elkarteko SACRE ENCIERRO eta Dj INGLS taldeekin.