Frantziako estatuarekin eta alokatzaile diren egitura desberdinekin, Urruñak SRU (Elkartasun eta zaharberritze urbanoaren legea) legearen arabera segurtatu beharreko bizitegi sozialen kopuruetan duen gibelapena arintzeko xedea du proiektuak. Gaur egun etxe guzien %12a baino ez dira sozialak herrian, eta lautik bat beharko luke. Filipe Aramendi Urruñako auzapezak oroitarazi du, legea ez betetzeagatik herriko etxe gehienek isunak pagatzen dituztela urtero. Urruñako herriaren kasuan, 300.000 euro urtero, eta %25era heltzeko 600 bizitoki eskas dituela kontuan hartuta, 2024 eta 2026 urteen artean 200 bizitoki sozial eraikitzeko konpromisoa hartu dute sinatutako kontratuaren baitan, alde hori apaltzen joateko.
Horren arabera, herriko etxeak engaiamendu batzuk hartzen ditu ondoko hiru urteetan, eta frantses estatuak bere aldetik sos laguntzak emanen ditu proiektuak garatzeko. Aramendik azaldu digunez, bi proiektu bidean dira, eta herriko etxearen nahietan da ere, baserrietan bizi diren pertsona bakarrak, bikote gazteekin nahasi eta baserri horiek apartamenduetan zatiturik, belaunaldien arteko lotura sustatu ahal izatea. Beraz, bizitegi sozialen beharrak asetzeaz haratago, sozial arloan ere, gizarte aniztasuna bultzatzea ere bada helburuen artean.
Gogoratu beharra dago, bestalde, Urruñako herriko etxeak gaur egun %60ko tasa (Taxe d’habitation) gehigarria kobratzen diela herriko bigarren etxebizitzei, legeak onartzen duen gehiena. Erabaki hau Aramendiren gobernu abertzalea 2020ean herriko etxera iritsi bezain laster ezarritako aurreneko neurri fiskaletako bat izan zen, etxebizitzaren arazoarekin arrangura adierazi baitu.