Laure Zacchelo urruñarra senarrak akatu eta desagerrarazi duelakoan dago prokuradorea

Antxeta Irratia 2024ko eka. 28a, 10:27

Ez dute pistarik baztertu eta lekukotasunen biltzeko deia egin dute 43 urteko emakumearen bilaketa lanetan lagundu dezaketen informazioen bila. Baina ezkor da, Zacchellor bizirik aurkitzeko aukera gutxi utzi ditu Polizia Judizialak lehen miaketetan bildutako elementuak aztertuta. Mugimendu Feministak elgarretaratzea deitu du gaur 18:30ean Urruñako herriko etxe aitzinean. 

Atzo eman zituen Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak abian den ikerketaren xehetasunak. Baionako Auzitegian Stephanie Vessiere prokuradoreordearekin eta Karim Filali Baionako Polizia Judizialeko komisarioarekin batera egin zuen agerraldia. Eta lehen ikerketen ondotik bildutako elementuekin hipotesi bat aurreratu dute. Ekainaren 20tik desagertuta dagoen Laure Zacchelo emakume urruñarra, senarrak hil eta desagerrarazi zuela. Gizona, asteburuan galdekatu zuen poliziak, eta auzipetu eta preso sartu dute.

Eman dituzten xehetasun guztiek senarra susmagarri nagusi gisa kokatzen dute. Desagertuaren senarra erreserbako jendarme izana da, gerra armak bazituen etxean, eta hauek ere desagertu dira. Bitartean, emakumearen bila ari dira. Prokuradoreak ez du pistarik baztertu nahi, baina ezkor da Zacchelloren zoriari buruz, bizirik aurkitzeko aukera gutxi utzi ditu. Halere, lekukotasunen biltzeko deia zabaldu du Poliziak, Zaccheloren argazki batekin eta senarrarena den gorri kolore biziko 4X4 autoaren argazkiarekin. Komisarioak zehaztu du auto horren «edozein mugimendu» ikusi duen ororen lekukotasuna bildu nahi dutela, mugimendu horiek «oihan aldean edo mendigunean» ikusi badituzte, eta bereziki ekainaren 21ean, ostiralean, 08:30etik 20:50era bitartean. Mendialdean ibili izana iradoki baitu. Argitu dutenez, senarra bizirauletzaren zalea da (preparazionista horietarikoa), kirolaria, ehiztaria eta Ipar Euskal Herriko barnealdea ongi ezagutzen du.

Senar-emaztea dibortzio bidean daude, eta hiru seme-alaba dituzte 5, 7 eta 9 urtekoak. Azaldu dutenez, Donibane Lohitzuneko komisaldegian joan den otsailan batak besteari salatu zion jazarpen eta erasoengatik. Baina emakumeari bortizkeria sexisten biktimen laguntza elkarte batengana jotzea aholkatu zioten orduan.   

Ipar Euskal Herriko Mugimendu feministak elkarretaratzeko deia egin du gaur 18:30ean, Urruñako herriko etxearen aitzinean, Zacchelloren desagertzea salatzeko. Itziar Varela, Bagera elkarte feministako kideak aitortu digunez, ezin dute erailketa bat izan denik segurtatu oraindik, baina «Ipar Euskal Herrian ematen ari diren sexu eta bortizkeria erasoen metaketa onartezinak»  kezkatzen ditu. 

Gogoan hartu behar baita, hilketa matxistaren hipotesia baieztatuz gero, Euskal Herrian hildako bigarren emakumea litzatekeela honakoa, eta biak Hego Lapurdin. Joan den maiatzean Donibane Lohitzuneko hotel batean hilik agertu zen emakumearen kasuaren ondotik. 2003tik 120 emakume eta 12 ume hil dituzte Euskal Herrian indarkeria matxistaren biktima.