Urruñan gaztetxea izanen da, Herriko Etxeak utzitako Bixikenia eremuko eraikinean

Esteban Bastié, Aimar Lopez 2024ko uzt. 5a, 08:35

UGA, Hazia eta Besta Komitearen artean partekatuko dute gaztetxea, eta uda bukaerarako ireki nahi dute. Postarena zen Bixikenia eremua Herriko Etxeak erosi du, eta beste hainbat elkarte eta proiektu kokatuko dituzte bertan.

Urte luzetako borrokaren ondotik, Urruñako Herriko Etxeak egoitza bat emanen dio UGA Urruñako Gazte Asanbladari, Hazia kultur elkartearekin eta Besta komitearekin batera. Sokorriko baseliza ondoan, Bixikenian, Postetxeena zen udalekuen gunean kokatua izanen da.

Herriko Etxeak milioi bat euro pasako inbertsioa egin du gune hori erosiz, eta Rafu Ruiz de Alda hautetsiak jakitera eman digunez, gaztetxeaz gain bertze hainbat elkarteri ere emanen diete aterpe guneak dituen eraikin anitzetan. Futbol zelaia ere bada, eta “gazte anitzek” interesa erakutsi dute haren erabileran.

Ruiz de Aldak azaldu duenez, 2020an Herriko Etxera iritsi zenetik “aurkeztu duen deliberorik garrantzitsuena” da beretzat. Izan ere, urteak dira, Odile De Coralen aginte garaitik, UGAk gaztetxearen beharra aldarrikatzeko borroka zeramala. Ruiz de Aldak ere, gazte garaian borroka hori eraman zuen, eta asteleheneko herriko kontseiluan hunkitua mintzatu zen, hiru elkarteekin izenpeturiko hitzarmena aurkezterakoan.

2020tik, talde abertzaleak agintea hartu zuenetik, hainbat bilkura eta negoziaketa izan dituzte, nagusiki UGA eta hautetsien artean. Rafu Ruiz de Aldak aitortu du momentu batzuetan “tentsioa” edo “konfiantza galera” izan dela, prozesua luzatu baita. Azkenean baina, hiru elkarteen arteko formula atzeman dute, jadanik egoitzak zituzten Hazia eta Besta Komitearekin partekatuko baitu lokal berria Gazte Asanbladak.

Urruñako bestak, gaztetxean ere aurten

Hain zuzen ere, alde batean materiala biltzeko espazio ugari izanen ditu gaztetxeak, eta bertze aldean berriz, publikoa hartuko duen gunea, 180 pertsona biltzeko gaitasunarekin. Lanak egiten ari dira aste hauetan, uda bukaerarako prest izateko moduan. Agorrilaren 30etik irailaren 4ra izanen diren Urruñako bestetarako prest izan nahi dute, lehen gaualdiak orduan egiteko moduan.