Gau Beltza ospatuko dute Urruñan bigarrenez

Antxeta Irratia 2024ko urr. 28a, 14:23

Udazkenetik negurako egun gero eta ilunagoen itzultzearekin batera, erritu desberdinak ospatu izan dira Europa osoan. Baita Euskal Herrian ere. Erlijioak lehenik eta amerikar kulturak gero ordezkatu badu ere, aspalditik ospatzen zen Gau Beltza edo Arimen Gaua Euskal Herrian ere. Joseba Aurkenerena adituak eman dizkigu xehetasunak.

Azken urte hauetan, eta bereziki 2018an, Jaime Altuna eta Josu Ozaita antropologoek idatzi zuten “Itzalitako kalabazen berpiztea” lanari esker, Euskal Herriko txoko askotan Gau Beltzaren ospakizuna bere erroetara itzuli eta berreskuratzeko lanak hasi dituzte hainbat kultur elkartek. Urruñan, iaz antolatu zuten lehenbiziko aldiz, Berttoli eta Hazia elkarteek herriko etxearekin lankidetzan. Eta ospakizunaz haratago, aste osoa eman zuten herriko eskoletan egun horren jatorria haurreri esplikatzen.  

Ondo errotu dela dirudi, eta aurten bigarrenez ospatuko dute ahalegin handiz. Aurtengoan Berttoli, Airoski, UGA, Hazia eta Urruñako komiteak antolatzen dute elkarlanean. Hitzordua 17:00etan emana dute herriko pilota plazan, krakada, mozorrotze eta makilatze tailerrak, eta kriseiluak prestatzekoak ere egingo dituzte. 17:30ean euskarazko ipuin kondaketa, eta 19:00etan kabalkada edo desfilea ere egingo dute herriko karriketan, pertsonai mitologikoekin, eta sua piztu gauza txarrak uxatzeko deia eginez. Iragarri dutenez, 20:00etan desfilearen iritsiera eginen dute René Soubelet plazan, eta bertan kantuak eta dantzak egingo dituzte suaren inguruan. Sakatu hemen programa osoa ikusteko

Naturaren zikloari lotutako erritoa

Joseba Aurkenerena adituarekin sakondu dugu Gau Beltza edo Arimen Gauaren jatorrian. «Etorri ez dator inondik, euskaldunok bezala hemengo ohitura zaharra delako. Hemengoa Europako mendebaldekoa, alegia», dio. Izan ere, neolito aroan sortu ziren uzta bukaerako errituetatik eratorria dela dio. Nekazaritzari estuki lotua, eta duela 9.000 urte inguru hasi ziren neguaren atarian uztari lotu egun sakratuak ospatzen. «Gure arbasoek Europan egiten zen bezalaxe, banatzen zuten denbora bi alditan: uda eta negua. Eta uzta bildu ondotik neguan zetorren ilun eta txar guztia», azaltzen du Aurkenerenak.

Gaur egun giristinoek Omiasaindua ospatzen dute egun hauetan. Baina erritu hauek ere jatorri paganoa dutela agerikoa da bere ustetan. Eta nekazaritzari lotua. «Aintzinatean Europa osoan naturaren zikloekin sinesmen animistak zabalduak zeuden garaian, besta edo jai erritual anitz egiten zituzten solstizio eta ekinozioetan, edota ilargiaren aldien arabera», argitzen du, eta «laborantzak indar handia zuenez, uztekin edo ereiteko aroekin lotuta». Dioenez, gure mintzairan dugu horren adierazle diren izen ugari. Jorraila, loraila, ereinaro, uztaila, garila, azaroa, hazia, iraila etabar... 

Azken urte hauetan berriz piztu da Euskal Herrian gau beltzarena, partez, mundu mailako Halloween besta komertzialari aurre egiteko asmoarekin. Herriz herri errotzen ari den hitzordua bada, eta Urruñan ere aurten jarraituko dute lan horretan.

Irudia: Mendi Urruzuno argazkilariarena da.