Euskal kultura hauspotzeko xedez “Loraldi Berri” azoka ospatuko dute Urruñan abenduaren 1ean

Aitor Errazkin 2024ko aza. 25a, 12:50

Urruñako Euskararen Urtaroa borobiltzeko Loraldi Berri Liburu eta Disko Azokaren hirugarren edizioa ospatuko dute abenduaren 1ean. Urrunaga eta Berttoli kultur elkarteek antolatuta, eta Urruñako Herriko Etxea zein Iparraldeko Eusko Ikaskuntzaren laguntzarekin, goizeko 10:00etatik goiti elizaren aldameneko plazan ospatuko dute 14:00ak arte hogei bat argitaletxe eta sortzaileen parte hartzearekin.

 
Aurten 20 bat argitaletxek eta euskal eragilek parte hartuko dute: Euskal Itsasbazterra, Amaia Karrere, Waouche, Herria astekaria, Hatsaren Poesia, Dakit, Maiatz, Zortziko, Urrunaga, Euskal Herriko Mus Federazioa, Elkar, Urruñako Antzerki Eskola, Biaste Mitologia Elkartea, Maider Zigarroa, Lapurdi 1609, Gatüzain, Rafa Gorrotxategi xokolata-egilea eta Asisko Urmenetak. Antolatzaileen asmoa da, abenduko lehen igandean, urtero, Euskararen Egunarekin bat eginik, eta Durangoko Azokaren atarian antolatzen jarraitzea. Mementuko hirugarren edizioa dute. Joseba Aurkenerena Urrunaga elkarteko kideak aitortu digunez Urruñako herriari begira antolatzen dute. «Ez dugu anbizio handirik, ez da Durango, Sara edo Ziburun egiten dutena, Lapurdiko itsas-hegian liburuak argitaratzen dituzten 20 bat argitaletxe edo elkarteak gonbidatzen ditugu», argitu du.
 
Hala ere, Euskal Herrian gure kulturaren pizgarri izateko asmoa badu umiltasunez. Azokaren izenak XIX. mendearen erdialdean euskal kulturak bizi izan zuen loraldiari egiten baitio erreferentzia. «XIX. mendearen bukaeran euskal loraldia zabaldu zuen Antton Abadiak. Urruña epizentroa izan zen eta hortik Euskal Herri osora», oroitarazten du. Eta haien nahia da, oraingoan ere, loraldi berri bat lortzea Urruñan. Hirugarren urtea dute, eta azoka ondo errotzen ari dela pentsatzen dute.
 

Joseba Aurkenerena (Urrunaga elkartea) eta Xerar Urrutiarekin (Berttoli elkartea eta sortzailea) mintzatu gira. 

Aurtengoan ere, Hego Lapurdiko inguruko argitaletxe eta sortzaileen lanak ezagutarazteko aukera emango du azokak. Xerar Urrutia urruñarrak bere Barne Galderak olerki-liburua aurkeztuko du bertan, olerki errezitaldi batekin. Eta hainbat animazio proposatuko dituzte haur eta helduendako. Antolatzaileek gaineratu dutenez, Kuxkuxtu txarangak goiz eta arratsaldez animatuko du azoka. 

Abenduak 1, Loraldi Berri azokaren egitaraua
  • 10:00 - Harrera
  • 10:30 - Makila Kixki txotxongiloa haurrendako, Maddi Zubeldia eta Bernadette Luroren eskutik.
  • 11:15 - Xokolata dastaketa, Rafa Gorrotxategi sukaldariarekin. Xokolata egiteko, Euskal Herrian, XVI. mendean erabiltzen zen errezeta baliatzen du. Urririk.
  • 11:45 - Ixabel Milletek euskal ipuin mitologiko bat kontatuko  die haurrei.
  • 12:15 - Xerar Urrutiaren Barne Galderak olerki-liburuaren aurkezpena. Olerki errezitaldia.
  • 12:30 - Asisko Urmenetaren mintzaldia.
  • 14:00 - Itxiera.