Etxebizitza arazoa zuzentzeko ahaleginak bikoiztu arren, zailtasunak ditu Urruñako herriak

Antxeta Irratia 2025ko urt. 20a, 10:32

Populazioa bikoiztu egin da mende laurdenean Urruñan, eta etxebizitza arazoa «minberatsuena» dela aitortu du Filipe Aramendi auzapezak. SRU legea betetzeko 600 bizitegi sozial eskax dira. 2020tik bizitoki sozialen politika indartu dute, baina zailtasunak dituzte egoera nahi abiaduran zuzentzeko. Etxe guzien %12a baino  ez da soziala herrian, eta legez lautik bat beharko luke.

Urruñako populazioa bikoiztu egin da azken 20 bat urteotan. 1990an 6.098 urruñar ziren, eta 2006ean 7.000ko gainditu ondoren, populazioak garapen bizkorra izan du, higiezinen merkatuan moldatuz herrian. 2021ean gainditu zuen lehen aldikotz 10.000 biztanleen langa. Eta zzken datu ofizialen arabera, 10.594 lagun bizi dira herrian. Aspaldi eguneratu ez diren datuak dira, baina 4.145 etxebizitza zenbatu zituzten azken azterketan, eta horietarik 3.000 eskax dira lehen etxebizitza. Herriko etxeak argi du kanpoko jende anitz sartu dela herrira bizitzera azken urteetan. Eta Pausuko auzoan hegoaldeko jatorria duten biztanle askok etxea erosi duten bitartean, «Hendaia ondoan eta mugan kokapen berezia duelako» dio Filipe Aramendi auzapezak.

Honek argitu duenez, herrian hastapenean Lapurdiko kostaldearen turistifikazioaren ondorioa pairatu zuten arren, azken urteetan «erretiroa hartzeko etxea erosi duten asko dira» hiri-barnean eta beste auzoetan. Eta COVID pandemiaz geroztik areagotu egin den errealitate bat bilakatu da, Bordele, Tolosa edota Parisetik iritsitako dirudunek erosi izan baitituzte etxeak Urruñan, merkatuaren prezioa kariotuz. «Higiezinekin mintzatuta, pandemiaren ondoren ikusi izan ditugu gauza harrigarriak, mailegurik eskatu gabe hiru hilabeteko epean bi etxe parez-pare zeudenak prezio bikoitzean erosi izan dituztenak», argitzen du auzapezak. 

Datu ofizialik ez du herriko etxeak, baina auzapezak pentsatzen du gaur gaurkotz «herriko biztanleen erdiak baizik ez duela bere jatorria edo erroa urruñarra». 

Herriko etxe sozialak bikoizteko beharra

2020az geroztik hain justu, etxebizitzaren arazoari neurri hartu nahian dabil herriko etxea. «Zinez arazo mingarrienetakoa da, eta ez diogu nahi abiaduran erantzuten ahal», dio Aramendik. Lege berrien arabera, herriko bizitokien %25 soziala behar du, baina SRU legea betetzeko 600 bizitegi sozial eskax dira Urruñan, eta urtero 300.000 euroko isuna pagatzen du herriko etxeak etxeen %25a soziala ez bermatzeagatik. 2026 urtea bitartean 200 bizitoki sozial gehiago lortzeko hainbat proiektu garatuko dituzte.

Frantziako estatuarekin eta alokatzaile diren egitura desberdinekin, Urruñak SRU (Elkartasun eta zaharberritze urbanoaren legea) legearen arabera segurtatu beharreko bizitegi sozialen kopuruetan duen gibelapena arintzeko xedea du proiektuak. Gaur egun etxe guzien %12a baino  ez dira sozialak herrian, eta lautik bat beharko luke.

Horren arabera, herriko etxeak engaiamendu batzuk hartzen ditu ondoko urteetan, eta frantses estatuak bere aldetik sos laguntzak emanen ditu proiektuak garatzeko. Aramendik azaldu digunez, bi proiektu bidean dira, eta herriko etxearen nahietan da ere, baserrietan bizi diren pertsona bakarrak, bikote gazteekin nahasi eta baserri horiek apartamenduetan zatiturik, belaunaldien arteko lotura sustatu ahal izatea. Beraz, bizitegi sozialen beharrak asetzeaz haratago, sozial arloan ere, gizarte aniztasuna bultzatzea ere bada helburuen artean.

Gogoratu beharra dago, bestalde, Urruñako herriko etxeak gaur egun %60ko tasa (Taxe d’habitation) gehigarria kobratzen diela herriko bigarren etxebizitzei, legeak onartzen duen gehiena. Erabaki hau Aramendiren gobernu abertzalea 2020ean herriko etxera iritsi bezain laster ezarritako aurreneko neurri fiskaletako bat izan zen, etxebizitzaren arazoarekin arrangura adierazi baitu.

Hala ere, eta Euskal Herri Elkargoaren laguntzarekin promozio pribatuetara bideratuak ziren zenbait proiektu gelditu eta lurrak erosteko prozesuan badira ere, bizitokien eraikuntza prezioak asko garestitu dira. Eta horrek herriko etxeak eskuartean dituen proiektuak zailtzen dituela aitortu du Aramendik.