Populazioa mende laurdenean bikoiztu egin da Urruñan, eta 10.600 bat biztanle dituelarik, etxebizitza arazoa «minberatsuena» dela aitortu digu Aramendik. Izan ere, SRU legea betetzeko 600 bizitegi sozial eskax dira herrian, eta 2020tik etxebizitza sozialen politika indartu badute, oraindik ere, etxe guzien %12a baino ez da soziala Urruñan, legez lautik bat beharko lukeen bitartean. Filipe Aramendi auzapezak iragarri duenez, «aurten hasiko gara ikusten egindako ahaleginen emaitzak». Agintaldi honetan ahaleginak eginik ere, lurrak eskuratzeko prozesua luzea izan baita.
Azkenik, Habitat Sud Atlantic Sozietate publikoak lurrak erosi ditu, eta herriko etxeak jarri ditu kondizio edo arautegiak. Bizitegi hauek berezitasun bat ukanen baitute. «Klima aldaketari kasu eginez, etorkizuneko bizitegia izan daitezen, energia berriztagarriak irizpide garrantzitsua izango da», iragarri du auzapezak, «materialen aldetik, betiko betoia beharrean badirelako beste material naturalago batzuk, eta trantsizio ekologikoari lerrokatuta».
Argitu duenez, bizitegi pasiboak izanen dira, hots, aldaketa klimatikoari egokituak, eta euriaren ura berrerabiltzeko sistema edota eguzki-panoak jarriko dira orotan, bertan biziko diren familiek ahalik eta energia gutxien behar ukan dezaten.
Bestalde, urruñarrek duten etxebizitza eskuragarri bat atxemaiteko zailtasunari begira, «dagoeneko artifizializatutako lurretan etxeak eraiki behar direla argi da, baina laborantzarako lurrak babestu behar direnez, etxe zaharrak berritu behar dira». Gizartea aldatu dela uste du auzapezak, eta «lehen familia bereko bi edo hiru belaunaldi etxalde batean bizi zen bitartean, zaharrak joan ahala orain familia bakarra edo bikote bat bizi da, eta etxea handi geratu zaie», dio Aramendik. Hortaz, hauek arraberritu eta etxe batetik bi ala hiru egitea proposatzen du, horretarako dirulaguntzak daudelako.
Trantsizio ekologikoaren bidetik
2025eko agiantzen karira eman du horren berri auzapezak, eta trantsizio ekologikoa bultzatu nahi dute beste hiru proiektu nabarmendu ditu ere. Herriko eskola eta zahar etxeetako jantegiak hornituko dituen sukalde zentralaren proiektua, eraikuntza martxan dena, eta horri lotutako herriko baratzezaintza proiektua. Bestalde, aurrekontu parte-hartzaileetan bozkatutako oihan-jangarria Bixkienean.
Aurreneko bilkurak antolatu dituzte proiektu hori aitzinatzeko. Eta otsailan hiru tailer proposatuko dituzte Bixkieniari begira. Basoa elkartearen eskutik permakultura formakuntza eman nahi dute, aldaxkatzea eta belaunketari buruz otsailaren 1ean, neguko txertaketari buruzkoa otsailaren 9an, eta otsailaren 15ean landare hesi bizi eta emankorrak sortzekoa. Izen-ematea derrigorrezkoa da association.laforetquicourt@gmail.com