Beñat Exposito urruñarrak Pariseko Laborantza Saloian aurkeztuko ditu 'Rosita' eta 'Pepita' konpetizioko behiak

Antxeta Irratia 2025ko ots. 21a, 10:52

Larrea etxaldeko Beñat Exposito laborari urruñarrak Pariseko Laborantza Saloian parte hartuko du otsailaren 24tik goiti esnetarako Prim'Holstein arrazako bi behirekin. Estatu mailako 115 behi onenen artean lehian jarriko ditu Rosita eta Pepita. Bestalde, Bixente Lazkano urruñarrak ere, Orchidée behia aurkeztuko du asteartean, haragitako Blonda arrazaren Pariseko ikurraren bila. 

Prim’Holstein arrazako bi behirekin joanen da Beñat Exposito Urruñako laboraria Pariseko Laborantza Saloira. Ostegun honetan abiatu zen Frantziako Estatuko hiriburura, eta astelehenean lehia hasi arte 4 egun ukanen dute behiek hiri handiko errealitatera egokitzeko. Izan ere, konpetizioko behiak dira, eta

Expositok 50 behi esnedun ditu Urruñako Larrea etxaldean, eta urteak dira halako konkurtsoetan parte hartzen duela bere lana eta behiak balioan jarri nahian. Etxaldeko behi guztien artean hoberenak nola hautatzen dituen azaldu digu, ez baitira «egun batetik bestera prestatzen ahal, denbora galdegiten du, bada lan bat gibelean». Izan ere, konpetizioko behiak dira.

Parisera bidaia, Rosita eta Pepita behiekin egin du. Beste 113 abererekin lehiatu beharko dira, baina Expositok azpimarratu duenez, Pepitak usaitua da, eskarmentua du, izan ere haren hirugarren parte hartzea izango da Parisen. Prim’Holstein behi arrazari buruzko xehetasunak eman dizkigu. Esnetarako arraza izanik, «errapeak pisu handia darama, baina behia nola ibiltzen den, bizkarraren azkartasuna eta behiaren fintasuna aztertzen dute» argitu digu.  

Hala ere, ez da laborari urruñar bakarra izango Parisen, ezta behi bakarrak ere. Otsailaren 25, asteartean, jadanik tokiko sari andana lorturik egongo direla, hartuko dute Pariseko bidea Bixente Lazkanok eta Orchidée behiak, trenez batak, kamioinez bertzeak, osteguneko erakustaldian parte hartzeko. 

Hala beraz, esnetako ala haragitako Blonda arrazako behiak izan, bi laborari urruñar eta hiru behi joango dira aurten Pariseko ikur enblematikoaren bila. Urruñako lehiaketan hasi, Departamenduan ondotik, eta Frantses estatu mailan ere arituak dira.