Urruñako hainbat herritarrek beren postontzietan jaso duten gutun batek eztabaida piztu du. Gure Lurra herritarren elkarteak banatu du gutuna, eta Herriko Etxeak bultzatu nahi dituen hiru etxebizitza sozialeko proiektu handiak salatu ditu: Iturluxea, Sokorriko proiektua eta Urruñako sartzerakoa.
Elkartearen iritziz, proiektu hauek neurriz kanpokoak dira eta herriaren garapen orekatua arriskuan jartzen dute. Bereziki, sartzerako proiektua da kezka handiena piztu duena: 400 etxebizitza aurreikusten dira, eta horietatik 250 bertan eraiki nahi dituzte.
Bestalde, Urruñako Herriko Etxeak dio proiektu hauek beharrezkoak direla SRU legea betetzeko, lege horrek lehen etxebizitzen %25 sozialak izatea eskatzen baitu. Auzapez Filipe Aramendiren arabera, antzeko proiektuak lehenago ere egin izan dira herritarren kexarik gabe. Eztabaidak hauteskunde usaina hartu du, eta badirudi gai honek lekua izango duela datozen bozetan.