Emakumeak kantuz jarriko ditu hirugarren urtez Emeki Festibalak

Antxeta Irratia 2025ko ira. 16a, 09:54

Emakume artisten talentua agertokira ekartzen duen Emeki Festibalaren hirugarren edizioa ospatuko dute Urruñan irailaren 26tik 28ra. Euskal kantua, pop-folk, okzitaniar polifoniak edo brasildar perkusioak ekarriko dituzte, eta aurtengoan Estibaliz Robles "Estitxu", Maite Idirin eta Lourdes Iriondo kantarien omenezko hitzaldi kantatua proposatuko dute festibala irekitzeko.

2023an bularreko minbiziaren ikerketaren aldeko Urria Arrosa hilabetearekin loturik sortu zuten Urruñan Emeki Festibala. Emazte artista anitzen talentuari leku eman nahian, gehienak eskualdekoak. Antolatzaileek diotenez, Euskal Herriko eszena gehiena gizonez osatua delako, eta hortik sortu zen EMEKI festibalaren beharra, eta bere horretan mantentzen dute, «emakume abeslariak erdigunean jarri, eta hemengo zein kanpoko artisten talentua agertokira ekarriz». 

Horiek hala, euskal kantua, pop-folk musika, okzitaniar polifoniak edo brasildar perkusioak ekarriko dituzte Urruñako herriko plazara irailaren 26tik 28ra. Festibalaren hirugarren edizio honetan, Estibaliz Robles "Estitxu", Maite Idirin eta Lourdes Iriondo kantarien omenezko hitzaldi kantatua proposatuko dute. Eta festibalak Urruñan kantari talde berriak edo ezagunak, deskubritzeko parada emango du ere.

EGITARAUA

  • Irailaren 26a, ostiralarekin, "Hitzaldi Kantatua". Maialen Alfaro, Maider Bedaxagar eta Naia Roblesek, Estibaliz Robles “Estitxu”, Maite Idirin eta Lourdes Iriondo ohoretan ezarriko dituzte. 
  • Irailaren 27an, larunbatarekin. "Lea eta Anuxka". Festibala euskal kantu tradizionalak berrinterpretatuz irekiko dute.  Ondotik, Cocanha bikotearen kantu polifonikoek Okzitaniara eramanen gaituzte,  Bost Axola taldeak euskal kantak eta munduko musika piezak emango dituelarik. Gaualdia brasilko perkusio soinuak eskaintzen dituen Batukada Feminista taldearekin bukatuko da.
  • Irailaren 28a, igandearekin, "Victoire" bakarlaria. Folk eta country doinuak eskainiko dizkigu, Goxo Txarangak, udako besta giro batetara eramanen gaituelarik. Azkenik, festibalari bukaera emateko Lurodeik kantu tradizionalak eta gaurko musika uztartzen duen errepertorioa proposatuko du.