Urruñako auzapeza Filipe Aramendi gaur goizean Paueko Auzitegi Administratibora deitu du epaileak. Astelehenean Palestinako bandera herriko etxeko balkoian ezartzea erabaki zuen, eta prefetak helegitea pausatu zuen auzitegian. Urruñan bezala, berdin deliberatu zuten Itsasu, Ozaze, Baigorri eta Izurako herriko etxeetan astelehenean. Baita Mauleko Louis Labadot auzapez komunistak ere, joan den asteburuan bandera jarri ondoan, prefetak kenarazi bazion ere, Frantziako Barne ministerioko aginduak jarraituz.
Hain justu, joan den astelehenean Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Palestinaren estatua aitortu zuen Nazio Batuen Erakundeko (NBE) biltzar nagusian, eta horren harira, palestinar herriarekin elkartasun keinua egin nahi izan dute Ipar Euskal Herriko zenbait tokiko agintarik.
Filipe Aramendi abertzalearen kasuan, Paueko Auzitegi Administratiboan deklaratzera deitu dute. Prefetaren arabera «erabaki politikoa da eta ez humanitarioa». Alde horretatik, Barne Ministerioak argi utzi du «administrazio publikoak neutralak behar dutela izan».