Euskal kultura hauspotzeko xedez ekin zioten azokari duela lau urte, umiltasunez. Azokaren izenak XIX. mendearen erdialdean Antton Abadiak zabaldu zuen euskal kulturaren loraldiari egiten dio erreferentzia. Urruña epizentroa izan zen, eta hortik Euskal Herri osora. Eta haien nahia da, loraldi berri bat lortzea Urruñan.
Helburu horrekin antolatu dute Loraldiberri liburu eta disko azokaren laugarren edizioa Urrunaga eta Berttoli kultur elkarteek. Urtero bezala, Urruña eta inguruko herrietako 15 bat argitaletxe gonbidatuko dituzte bertara, eta Euskararen Erakunde Publikoak eta Urruñako Herriko Etxearen laguntzarekin, egun osoko kultur programazioa prestatu dute.
Berrikuntza nagusia, aldiz, eguraldiaren baitan ez egotea izango da. Joseba Aurkenerena, Urrunaga elkarteko kide eta azokaren antolatzaileak azaldu digunez, aurten euria egingo balu plan alternatiboa baitaukate Posta gelako goiko solairuan.
Bestalde, azokarekin batera, egun horretan hainbat hitzorduk animatuko dute eguna. Ipuin kontalari, antzerki emanaldiak edota sorginen ehizari zein txokolateari buruzko hitzaldiak ere. Goizeko 10:30ean Maddi Zubeldia “Oskolaren Azpian” ipuina kontatuko die haurrei, Rafa Gorrotxategi txokolategile tolosarraren solasaldia eta dastaketa izango da gero. 11:00etan txotxongiloak izango dira “Basoa” emanaldiarekin, eta 12:00etan Koro Irazoki historialariak “Sorgin Ehiza Nafarroa Garaian eta Lapurdin” hitzaldia emango du.
Arratsaldean Itsas Mendi gelan 15:00etan Urruñako antzerki eskolaren errezitaldia egingo dute prestatu duten Palestinaren aldeko testuekin. Eta 17:30ean Miñan antzerkiarekin borobilduko dute eguna.