Urteari azken agurra emateko garaia iritsi zaigu, eta 2026ari harrera egitekoa. Ospakizun gehienetan bezala usadio eta erritu ugari ditugu, eta Joseba Aurkenerena euskal idazle, historiagile eta ikerlariarekin elkartu gara, “Urtats gauari” buruz egin dituen ikerketen berri emateko. Euskara, euskal kultura, historia, antropologia eta usadio zaharrak ikertzen darama bizitza osoa, eta hamaika saiakera, ipuin, eleberri, antzerki obra eta artikulu plazaratu ditu honezkero.
Urtats gauari buruz ere, Euskal Herriko hainbat eskualdetan urtarrilaren 1eko gauarekin lotutako errito zaharrak gorde beharra dagoela defendatzen du, ondare kultural baliotsua delako. Kontatu digunez, urte bukaeraren data bera ere aldatu da: «Erran behar da garai zaharretan gaur Eguberri dena zela urte bukaera, baina gero desoreka bat eman zen egutegia luzatu zutelako, baina kultu hau lehenengo Eguberri/Urtats harekin lotua zegoen, Urte Zaharrarekin».
Hartara, Urtats gauean"Ur berriarena" da Euskal Herrian naturarekin eta izadiarekin lotutako usadioa, urteko azken gaua betiko agurtu, eta urte berria ondo hasteko egin ohi zena garai batean. Aurkenerenak dioenez, «ura sendatzaile eta berritzaile gisa ulertzen zuten gure arbasoek, eta urte berriaren hasierarekin lotzen zuten. Gazte mutikoek lehen, eta neska-mutikoek gero, herriko iturrietan edo errekan zain egoten ziren gauerdia jo arte, eta handik pitxarretan jasotako ura etxez etxe banatzen zuten, kantu eta bertsoen bidez, ur berria edan zezaten».
Jose Maria Satrustegi antropologoaren arabera, ur horrek gaitzak sendatzeko eta urte berriko alde txar guztiak uxatzeko balio omen duela gogoratzen du Aurkenerenak. «Ura zerutik datorkigu euriaren bidez, hori da Ur Goiena. Eta lur barrenean aterpetzen da, eta etengabe isuritzen zaigu iturri, erreka eta ibaien bidez, eta hori da Ur Barrena», azaltzen du ikerlariak, garai bateko nekazal-gizarteari lotutako usadioa dela agerian geratzen dela gogoratuz, «bi ur horiek, goiena eta barrena, dira erritu honetan gurtzen direnak».
Mahatsen ohitura
Gaur egun, aldiz, herri txiki gutxi batzuetan baizik ez da usadio hau gordetzen, eta gizarte kapitalistak inposatutako beste usadio batzuk ordezkatu dute honakoa. «Gaur egun dena kapitalismo eta kontsumismoaren atzaparretan erori da», dio goibel, Hego Euskal Herrian Urtats gaueko mahatsak jatearena, adibide gisa jarriz. Aurkenerenak azaldu digunez, etxe askotan ohitura bilakatu bada ere, «Euskal Herrian ohitura arrotza da honakoa, ez du gurekin zerikusirik». Are gehiago, garai batean Espainiako Estatuko zenbait eremuetan ohitura bazegoen, baina 40. hamarkadan mahats-uzta handi bat eman zen urte batean, Franco diktadoreak bultzatu zuen kanpaina baten bidez orokortu egin zen penintsula osora gogoratzen du ikerlariak. Eta orduz geroztik, denera zabaldu eta mantendu da.
Horrenbestez, euskaldunok ohitura zaharrak gordetzeko gonbidapena luzatu die bidasotarrei, eta «kontsumismoaren adierazle itsusi eta bortitza den hori baztertzeko». Mahatsak urteko azken 12 segundoetan tarrapataka irentsi beharrean, urte berriari baso bat ur edanaz ongi etorria ematea gomendatzen du, «Ur Goiena, Ur Barrena» esanez. «Animismo zaharrari lotutako beste gizarte bat aldarrikatzen zuten erritu honekin, ama lurrarekin eta izadiarekin lotura zuena, eta aurrera egin nahi badugu gizarte gisa ere, kontsumismo itsu horretatik aldendu eta naturarekin harremanetan beharko du», aldarrikatzen du.