Urruñak Gau Beltza ospatuko du urriaren 31n

Aitor Errazkin

Urruñan Gau Beltza ospatuko da urriaren 31n, larunbatean. Hitzordua arratsaldeko 16:30ean hasiko da, euskarazko ipuin kontaketa batekin. Egun osoan zehar, tailerrak eta hainbat jarduera izango dira herritarrentzat. Iluntzean, desfilea, musika, kantuak, dantzak eta su ikuskizuna antolatuko dira. Jarduera guztiak doakoak izango dira, eta herritar guztiak gonbidatuta daude parte hartzera. Ione Josie Urruñako herriko etxeko euskararen zerbitzuko arduradunarekin hitzegin dugu

Urruñak Gau Beltza urriaren 31n ospatuko du, larunbatean, herriko etxearen plazan. Euskal usadio zahar honetan, udazkenetik negurako trantsizioa ospatzen da, hildakoak eta euskal mitologiako sinesmenak gogoratuz.

Egitaraua 16:30ean hasiko da, euskarazko ipuin kontaketa batekin. Ondoren, 17:00etatik 19:45era, hainbat tailer egingo dira pilota plazan: makillajea, maskarak eta kriseiluak sortzeko jarduerak, besteak beste. Horrez gain, beldurren eta amets gaiztoen zuhaitza osatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek, beren beldurrak papertxoetan idatzi eta zuhaitzean zintzilikatuz. Arratsaldean zehar, askaria ere eskainiko zaie bertaratutakoei.

19:45ean, desfilea abiatuko da plazarantz, musikaz lagunduta. Ondoren, 20:00etan, René Soubelet plazan, kantuak, dantzak eta suaren ikuskizuna izango dira. Jarduera guztiak doakoak dira, eta adin guztietako herritarrak gonbidatuta daude euskal tradizio hau giro berezian bizitzera.