Hendaia eta Urruñako Sokoa arteko Erlaitzako bidea hestea deliberatu du Departamenduak iaz adostutako protokoloari jarraiki. Higadura handiko itsasbazterreko bidea izanik, segurtasun arrazoiengatik zirkulazioa debekatu dute. Eta bertan bizi direnentzat Urruñako herriko etxeak beste bide bat ideki du. Nicola Regerat, Urruñako hautetsiak azaldu digunez, gutxienez 10 egunez ezingo da bertan zirkulatu, eta azterketa bat egin beharko dute tenpesta bukatutakoan berriz ere ideki aitzin. “Zenbait gunetan lurjausien arriskua dago, eta Erlaitza segurua dela bermatzeko adituek egingo dute azterketa”, argitu du. Epeak ez dituzte argi horretarako.
Joan den urtean ere, bizpuahiru egunez itxi egin zuten D-912 bidea arrazoi berarengatik, eta garai hartan Filipe Aramendi auzapezak protokolo argi bat adostea galdegin zion departamenduari, jakinik inguru horietan hainbat bizilagun blokaturik geratzen ahal zirela.
Oroitarazi beharra dago, oraingoan autoen zirkulazioa debekatu badute, 2021ean emandako luhiziaren ondorioz oinezko bidea itxi egin zutela, eta ez dutela berriz ere ireki. Hain justu, horren berriz zabaltzeko petizioa egin dute ehunka herritarrek sinadura bilketa baten bidez. Euskal Erlaitzako Herritarren Elkarteak, errepideari jarraikitzen zaion itsasbazterreko oinezkoentzako bidea zabaltzea eskatzeaz gain, gogor salatu du “agintari batzuk Erlaitza turismo hutseko toki bilakatzeko prest direla”.
Etorkizuna aztergai
Zentzu honetan, errepide horren etorkizuna ere zalantzan emana da. Eta Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiak bide hori itxi eta behin-behineko alternatibak aztertzeko erabakia hartu du. Itsaslabarraren lerroaren bilakaera kontuan hartuta, hiru puntu zehatzetan errepide berria barrurago sartzea aurreikusten duen proiektua aztertzen ari dira, behin-behineko alternatiba gisa. 80 milioi euroko inbertsioa eskatuko luke horrek, eta Iker Elizaldek, EH Baiko kontseilari departamentalak argi utzi du Kontseilu Nagusiko Batzarrean, “behin-behinekoa baldin bada, desbideraketak eginez ala zentzu bakarrean txandak antolatuz aski litaikeela”. Bestalde, 2031. urtean autopisten kontratua berriz ere aztertu beharko dela aintzat hartuta, epe horri begira garraio publikoa bultzatu, eta Erlaitzako bideak jasotzen duen zirkulazioari alternatiba egokiak bilatu behar zaizkiola uste du Elizaldek.