Osasungintza publikoaren gainbehera salatuko dute ostegunero kosta ahala kosta

Antxeta Irratia 2023ko aza. 2a, 16:04

Euri erauntsi eta haize bolada indartsuei aurre eginez dozenaka lagun bildu dira, Osasun Bidasoa Plataformak azaroan deitutako aurreneko elkarretaratzean. Ostegunero mobilizatuko dira. 

Osasun Bidasoa Plataformak azaroan deitutako bost mobilizazioetatik aurrenekoa euripean egin dute Dunboako osasun zentroaren atarian. 2022ko martxoaz geroztik itxaron-zerrendak areagotu besterik ez dira egin plataformak emandako datuen arabera. Zehazki 8 espezialitate eta 3 proba osagarrietan, eta OSI Bidasoan otorrino, digestibo eta traumatologian bereziki egin du okerrera egoerak. Ekografiak egiteko epeak ere 172 egun luzatu direla salatu dute, gaur egun 230 egun itxaron behar direlarik proba osagarri hori egiteko, diagnostiko larriak atzeratzen ari direlarik. 

Itxaron-zerrenda amaigabeak "justifikaezinak" dira haien ustetan, eta hori eta Oinaurreko hirugarren anbulategia zein Bidasoa ospitaleko eraikin anexoa aldarrikatzeko, azaroan ostegunero mobilizatuko dira eskualdeko osasun zentro baten aurrean. Hurrengo kontzentrazio deialdiak hauek dira: 

  • Azaroak 9, osteguna, 14:00etan: Irun Erdiguneko osasun zentroa.
  • Azaroak 16, osteguna, 14:00etan: Hondarribiko Itsas Etxea anbulatorioa.
  • Azaroak 23, osteguna, 14:00etan: Bidasoa Ospitalea.
  • Abenduak 2, larunbata, 12:00etan: Irungo Zabaltza plaza.