Erlaitzako bidea berehala idekitzeko agindu du Departamenduak

Antxeta Irratia 2023ko aza. 10a, 18:08

Geotec enpresak egindako azterketa geologikoek Hendaia eta Ziburu arteko kostaldeko Erlaitza RD 912 errepidea segurua dela ondorioztatu du. Eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduak berehala idekitzeko agindua eman du. Arratsaldeko 19:00etatik goiti normaltasunez zirkulatu ahalko da bertan. 

Azken egunotan droiak baliatuz erlaitzako itsasbazterraren flysha eta RD 912 Erlaitzako bidearen egoera aztertzen aritu den Geotec enpresak ez du higadura larririk aurkitu.  Txostena eskuetan, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak arratsaldeko 16:00etan deliberatu du 19:00etan zirkulazioa normaltasunera itzultzea. Bideak 10 egun egin ditu itxita, Departamenduak protokoloa aplikatu ondotik. Urria bukaerako tenpesten ondorioz, itsasoaren higadurak hunkitutako bizpahiru puntutan luhizi arriskua zegoelako. 

Halere, Jean Jaques Laserre departamenduko presidenteak ohartarazi du epe luzera alternatibak aztertu beharko direla. Egunotan Hendaia zein Urruñako auzapezak oso kritikoak izan dira bidea hesteko hartutako erabakiarekin, eta epe laburreko konponbiderik ez duelako arranguraturik azaldu dira.