Azpiegiturak hobetzeko inbertsioak eta osasun langileen baldintzak duintzea aldarrikatu dute Hondarribian ere

Antxeta Irratia 2023ko aza. 16a, 15:45

Azken asteotan Irunen elgarretaratzeak egin eta gero, Osasun Bidasoa Plataformak deituta Hondarribiko Itsas Etxean mobilizatu dira gaur 14:00tan. Zenbait osasun langile, udal ordezkari eta dozenaka herritar batu dira,
"itxaron-zerrenda luzeak eta diagnostikoetan atzerapen larriak" salatzeko.

2022tik nabarmen egin dute gora itxaron-zerrendakfroga osagarriak egiteko (bereziki traumatologian), eta horrek eritasun larrien kasuan osasun zerbitzu pribatuetara behartzen ditu pazienteak. Ekografia bat egiteko, adibidez, 230 egun behar dira gaur egun.

Zentzu honetan, plataformak premiazkoak ez diren kasuetan 60 eguneko epean eta lehentasunezkoak  gehienez ere 15 egunetan artatuak izan daitezen exijitzen du. Hori baita Osakidetzak onartuak dituen kalitate irizpideak.

Bestalde, pazienteak bezalaxe, osasun pribatura ihes egiten ari diren profesionalak mantendu eta erakartzeko baldintza duinetan kontratatzea eskatzen dute, kontratu egonkorrekin, eta lan-karga onargarriekin. Irungo Erdiguneko anbulategian zenbait medikuk 40-50 paziente artean jasotzen baitituzte 7 orduko kontsulta txanda batean.

Era berean, Bidasoaldeko osasun azpiegituretan inbertsioak galdegiten dituzte. Dunboa anbulatorioaren zaharberritzea, Oinaurreko hirugarren lehen arretako zentroa lehenbailehen eraiki dezatela, eta Bidasoko ospitaleko ebakuntza gelak kanpoko eraikin erantsi batean egin dezatela. Osasun Sailak gaur egun aurreikusten duen proiektuarekin, ohe zein kontsultarako espazioak galduko baitira plataformaren arabera.

Hau guztia aldarrikatzen jarraituko dute datozen bi asteetan. Azaroaren 23an Bidasoko ospitalearen atarian 14:00tan. Eta bidasotar orori zuzendutako kontzentrazio batekin abenduaren 2an (12:00tan) Irungo Zabaltza plazan.