Haien hitzetan, zaintzaileen lan baldintzak hobetzeko borroka entzutetsuez harago, egoiliar bakoitzarekin egoteko denbora areagotzea da eskaera zabalena langileengan.
Gaur egun, Hego Euskal Herriko erresidentzia gehienak kudeaketa pribatukoak dira, askoren jabetza publikoa izanik ere. Enpresa pribatu hauek dituzten joerak salatu dituzte Arretxe eta Altzagak, bata bestearen atzetik errepikatzen diren kontratu mugatuak oso ohikoak baitira. Horrek, besteak beste, greba egitea zailtzen die langileei, kontratua bukatzean berriz deituak ez izateko beldurra agertzen baita.
Baliabide eskasia ere salatu du ELAko Ainhoa Arretxek, "egunero behar batzuk ikusi eta ezin erantzutea gogorra" dela adieraziz.
Elkarrizketa osoa hemen duzue entzungai.
Elkarretaratzea Irunen
Adinekoen egoitzen egoera ez da isilpean geldituko biharko greba egunean. Bidasoaldean antolatu diren hitzorduetako bat Irungo Ama Xantaleneko egoitza aurrean elkarretaratze bat da, eguerdiko 13:00ean. Mobilizazio nagusia berriz 17:30ean Mendeluko biribilgunetik abiatuko da.
Antxeta Irratiak jarraipen berezia eginen dio greba egunari. Datozen orduetan emanen dugu Bidasoaldeko mugimendu feministak antolatu duen egitarauaren berri.