Edu Zabala - Baso Biziak plataforma

«Klima larrialdiaren kontrako artefaktoa aspaldi asmatu zen. Zuhaitza. Eta arborizidioetaz babestu behar dugu»

Koldo Nausia 2024ko api. 16a, 10:44

Baso Biziak plataformako Edu Zabala Garagartzak “Arborizidioa, Zer dago atzean?” hitzaldia emango du Ziburuko Baltsan elkartean, apirilaren 17an 19:00etan. Plataformak hiriguneko zuhaitzen defentsan erreparatu du ere, eta Denon Berdeguneak talde eragilea eratu dute zenbait elkartek bat eginik. Mendien kudeaketan bezala, «logika kapitalista eta suntsitzailea»  hirigintza politiketatik alboratu eta dinamika berriak bultzatu nahi dituzte.

Duela 4 urte Artiako Lagunak taldeak bildutako 4.000 sinadura eta 29 eragileen elkartasunari esker Artia-Behobia auzoko 102 ezkiak salbatu izanak, hiriguneko zuhaitzen defentsarako mugimenduaren aurreneko pizgarria bilakatu zen gure eskualdean. Hirigintza lan eta zuhaitzen kudeaketa oker gehiago eman dira gerora, agintariek hala edo nola justifikatuta. Irungo Blaiako maldan ezabatzen joan diren lizarrak, Anaka auzoaren berritze lanetan kendutako ehun bat zuhaitz zaharrak, Hondarribiko Donostia kaleko zaharberritzean ezabatutako likidanbarrak, edota Hendaian ere, Errepublika plazako ehun urtetik gorako 22 ezkiak salbatzeko mobilizazioak izan ditugu horietariko batzuk. Hendaian, gutxi batzuk besterik ez dira salbatu ahal izan azkenik, hiru gazteenak Dongoxeniara lekuz aldatuz. Eta Bixintxo eliza aldamenekoak.

Hirietako birikak

Baso Biziak plataformak bere partetik, Euskal Herriko mendietako baso politika eta egur ustiaketaren arteko dikotomiaren eztabaidan, agintarien politikak eraldatu beharra daudela aldarrikatzen darama hiru urte. Baina joan den irailaz geroztik, hiriguneko zuhaitzetan pausatu du begirada. Eta beste hamar bat talderekin batera, Denon Berdeguneak talde eragilea sortu dute. Edu Zabala, Baso Biziak plataformako kideak gogoratu duenez, klima aldaketaren kontrako tresnarik eraginkorrena aspaldi asmatua dago. «Horri aurre egiteko artefaktoa gu baino lehenago ere esistitzen zen, eta gu eta gero ere esistituko da. Zuhaitza. Parkea, basoa, berdegunea, gerriko-berdea etabar…» aldarrikatzen du.  

Plataformak egin duen hiru urteko ibilbide honetan, orain arte herriak inguratzen zituzten basoen defentsa egin dute, «edo basoak beharrean egiten diren egur ustiakuntzerako landaketak, pinu eta eukaliptoen monolaborantzak eta biodibertsitaterik ez duten matarrasaren biktima diren lursailak» salatu dituzte, baita protesta modura, tokiko espezieen hainbat landaketa egin ere. Halere, ez da nahikoa, eta egur industriak mendi kudeaketa politiketan duen pisua erabatekoa dela oroitarazi du. Bidenabar, 1994az geroztik Eusko Jaurlaritzak onartua duen basogintza planaren arabera, 112.000 hektarea birnaturalizatzeko konpromisoa hartu bazuen ere, gaur egun artean zuhaitz bat ere ez duela landatu salatzen du Baso Biziak plataformak.

«Baina ez zaigu oharkabean pasatzen, gure bizitzaren %90a hirietan ematen dugula», dio Zabalak, «eta hainbat mugimendu herritar sortu dira urteotan hirietako zuhaitzen defentsan. Baina berdeguneei begira planteamendu zabalago bat behar dugu», aitortzen du. Bere ustetan gauza asko zalantzan jartzen hasi dira agintariak klima larrialdiak abisuak eman dizkigulako argi eta garbi. Eta hirietan, udal bakoitzak bere garapen propioa egin beharko duela uste du.

Irungo da berdeguneen kudeaketa politiketan lemakolpe horietariko adibide bat. Gaur egun 15.000 zuhaitz inguru zerrendatuak dituzte 65.000 biztanle dituen hirigunean, eta asmoetan bederen arbola gehiago izango dira. Izan ere, martxoan aurkeztu berri duten Hirigintza Jasangarrirako Udal Ordenantza garatzeko proiektuan lanean ari dira, kaleak berrasmatu eta bero-uharteak sahiesteko hirian zuhaitzen itzal-korridoreak sortu, eta hauen lurrazpiko sustraiek hezetasuna gordetzeaz gain, aldi berean uholdeak arindu ditzaketela ohartu baitira.

Logika kapitalista eta hirigintza

«Irungoa da bat, baina Baionan edo Parisen adibidez, hirigintza bertikalari heltzeko dinamika hartu dute, gauzak mugitzen hasi dira», nabarmentzen du Edu Zabalak. Baina horretarako irizpideak aldatu behar direla dio: «Logika kapitalistak agintzen du mendian eta hirian. Baina egunen batean aztertu beharko da zuhaitzen eta berdeguneen eragin ekonomikoa, osasunean adibidez». Eta zentzu honetan, ondare kultural edo arkitektonikoak babesten diren moduan, zuhaitzak ere natur-ondarea direla aldarrikatzen du. «Askotan 60 urterekin edo gehiagorekin iristen zaizkigu guri, eta errepide edo etxe bat eraikitzerakoan ematen du ezer ezin dela egin edo esan horren kontra», kexu da Baso Biziak plataformako kidea.

Okerrena bere ustetan da, halako kasuetan, «mobilizatzen den herritar taldea edo eragile ekologistaren mugimendua, obrak aurrera egin ahala zuhaitzak desagertzearekin batera itzaltzen dela». Horregatik, indarrak bildu eta «arborizidioak» zuhaitzak ez moztea exijitzeaz gain, Denon Berdeguneak taldetik epe luzerako bestelako hirigintza politika berdeagoak bultzatzeko dinamikan lanean hasi direla azpimarratu du. Agintariek, aintzat hartu beharko dute hiriak birnaturalizatu eta gaur egun dauden zuhaitzak babesteaz gain, gehiago landatu beharko direlako denon osasunaren faboretan.