Euri urak kudeatu, edateko kalitatezko ur-hornidura segurtatu eta itsasoa edo ibai arroak kutsatuko ez dituzten ur-zikinen tratamenduan elkarlana bilatuko dute mugazgaindi, batzuen eta besteen eskarmentua ez ezik, ur-baliabideak eta hauen kudeatzeko azpiegiturak partekatzeko asmoz. Larrialdi klimatikoaren mehatsuak sor ditzakeen beharren aurrean prest egon nahi dute agintariek. Eta POCTEFA europar funtsak %65 batean diruz lagundutako aukera hau probestu dute, orotara 3,6 milioi euroko inbertsioa egingo dute 2026ko ekaina arte garatu beharko duten proiektu honetan.
Udalerri parte hartzaileek «uraren gobernantza eredua» elkarlanetik bultzatuko dute. Eta proiektu honi esker, Bidasoaren arroan ur-iturri berriak bilatzeko zundaketak egingo dituzte, larrialdi klimatikoak eragin ditzazkeen lehorte garaietan modu solidarioan baliabideak partekatzeko edota ur-zikinak kudeatu eta kutsadura sahiesteko instalazioen hobekuntzak egingo dituzte.
Haatik, etengabe garatu beharreko abiapuntua besterik ez da izango Europatik babestutako proiektu hau. Nahiz eta uraren kudeaketan mugazgaindiko hartu emanetan eskarmentua dago aldez aurretik. Izan ere, 2007tik Dantxarineako ur-zikinak Ainhoara bideratzen dituzte honen tratamendurako ere. Eta kontrako norantzan, Txingudiko Zerbitzuak Hendaiako Intzura-Le Joncaux auzoko eta industriguneko zein Pausuko ur-zikinak Hondarribiko araztegian kudeatzen ditu akordio bati esker, Hendaiako hondartzako araztegiraino ponpatzeko gai ez zirelako. Aipatu dutenez, bi proiektu hauek hobetzeko inbertsioak aurreikusten dituzte UraMuga kolaborazioari esker.