Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren kide eta Ihobe Ingurumen Jarduketako Soziaetate Publikoak kudeatzen duen Plaiaundi Parke Ekologikoan garatzen dituzte udalekuak osoki. Hegazti migratzaileen babesleku aparta eta nazioartean balio naturalistiko aipagarria duen eremua leku aproposa baita antolatzaileen ustetan, haurrei aire zabalean udaleku alternatiboa eskaintzeko. Eva Montoya, Ekoetxea Txingudiko koordinatzaileak aitortu digu, hainbat direla eskualdean kirol eta kultur elkarteek antolatzen dituzten udaleku irekietan Plaiaundiko Parke Ekologikora bisitak antolatzen dituztenak euren jarduera eskaintzaren barruan. «Besteentzat beti interesgarria den bisita, guk ditugun ezagutza eta baliabideekin udaleku gisa antolatzeko aukera interesgarria iruditu zitzaigun», dio Montoyak.
Horrela 2022ko udan hasi ziren eskaintza hau dohainik proposatzen. Izan ere, Txingudiko padurek klima aldaketaren aurkako borrokan duten garrantzia urte osoan zehar gizarteratzeko urtean zehar haur, gazte eta familiei zuzendutako ingurumen hezkuntza programa udan borobiltzeko helburua ere badute udaleku hauek, edo honi segida ematekoa.
Aurten 20 euroko «prezio sinbolikoa» kobratuko dute asteka www.ekoetxea.eus atarian izena ematerakoan. Bertan topa daitezke uztaila eta abuztuko txanda bakoitzeko datak eta xehetasun guztiak.