Iaz Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorrak antolaturiko Ideiak 2023 aurrekontu parte-hartzaileetan diruztatu zuten Bidasoa Mintzatuko Balitz lana, eta azken hamabi hilabeteetan buru-belarri lanean aritu dira antolatzaileak. Udaberrian, ahotsak grabatzen ibili ziren, eta azken asteetan berriz, Hendaiako hainbat txokotan aztarnaren bat edo bertze ikusi daiteke.
Ximun Fuchs Axuteko kideak azaldu duenez, gutunak izanen dira proiektuaren oinarrietako bat. Historian zehar kokaturiko gutunak izanen dira, “errealitatean oinarrituak, fikzionatuak edo ez”, eta horiek entzunen ditu ikusleak, eskualdeko herritarren ahotsen bidez. Gutunen dramatizazioak badu antzerkitik, eskutitzak irakurtzeak berriz irratitik; hortxe bi eragileen elkarlanaren irudietako bat.
Memoria du erdigunean proiektuak, hamarkadaz hamarkada Bidasoa inguruan izan diren migrazio fluxuak dituelarik oinarri. Hendaia, Urruña eta Biriatu izanen ditu oholtza “Bidasoa Mintzatuko Balitz”ek, irudiak, argazkiak, mapak eta soinuak baliabide.
Xehetasun handirik eman ez duten arren, arrakasta ederra bildu du proiektuak. Egun gutxian, irailaren 14tik 29ra artean programatutako hamabi hitzorduetako txartelak agortu dira. Intimoak izanen dira hitzorduak, 50 bat lekukoak.