Jaten duguna gara, maiz entzun ohi den esaldia da. Baina hein handi batean, garena ere jaten dugula esan daiteke. Elikadura ereduak gure ingurua transformatzeko duen gaitasunaz hausnartu dute Antxeta Irratian Labore Txingudi eta BDS Koop eraldaketa fabrikatik sortu zen Sorburu baratza elkarteko ordezkariek. Trantsizio ekologikoa, agroekologia eta elikadura burujabetza hainbeste aipatzen diren garaiotan, argitu nahi izan dugu zertan den benetan sektorea, eta nolako urratsak eman dituen ekologikoan eta hurbilean ekoiztu eta bertako produktuen kontsumitzeko eskaintzaren sarea.
Izan ere, kapitalismoak agindutako aberastasunaren metaketan oinarritutako eredua gaindituko duen alternatiba sozial eta ekologiko berri bat eraikitzeko helburuarekin, agortutako eredu sozio-ekonomikoari alternatiba emateko duela 15 urte Bidazi kontsumo taldea Beran sortu zenetik, halako proiektuen loraldi bat eman da Bidasoa-Baztan eskualde zabalean. Labore Txingudiko Oihana Galardik dioenez, «geroz eta jende gehiago dago konzientziatua dagoena zer kontsumitzen dugun eta hori nola sortzen den, horregatik Bidasoaren ibar guztian zehar ekoizle, kontsumo talde eta baratze kooperatiba asko sortu dira urteotan». Alternatiba ematen ari diren adibiderik ez da falta Bidasoa-Txingudin ere. Proiektu batzuk irauten dute eta beste batzuk bidean geratu badira ere, azken hamarkadan Labore Txingudi eta Sorburu baratza bezala, Xixare eta Aldatsa baratze kooperatibak, HendaiaKoop kontsumo taldea, edota bide berean haragiaren sektorean lanean ari den Oihanalde baserria ditugu ereduen artean. Hala eta guztiz ere, Bidasoaldean kontsumitzen ditugun elikagaien %2 ere ez da ekologikoan ekoitzia oraindik ere.
«Oraindik ere jendeak gutxi daki agroekologiaz. Baina zenbat eta gehiago sakondu gaian, orduan eta gehiago konturatzen gara elikadura eredu batek ala besteak dituen inplikazioetaz», argitu digu Aritz Lekuona Sorburu elkarteko kideak. Izan ere, elikagaien ekoizpen eta kontsumo ereduak, gure eskualdearen ekonomiatik hasi eta paisaia eraldatzera eraman dezake. Alternatiba martxan dagoelakoan daude, baina sistemak jartzen dituen trabak handiak direnez, eraldaketa ez doa nahi bezain azkar. Eta traba horiek zeintzuk diren ere argi dute.
Lurren eskuragarritasun arazoa
«Baserritarrak geroz eta gehiago jubilatzen dira, eta ez dago benetako errelebo bat», dio Oihana Galardik, «konparatzen baldin badugu beste edozein negoziorekin, denda edo bulego bat ireki behar denean, normalean alokatzera jotzen da. Aldiz, lurrak alokatzea nekazal jarduera berri baterako pentsaezina da!». Laguntza eta babes gutxi dago beraz.
Lurraren eskuragarritasun arazoa erreala dela dio Sorburu baratza elkarteko Aritz Lekuonak ere: «Norbaitek ekoizten hasi nahi badu, aurretik lurrik ez duenak, oso zaila du. Lurrak oso garestiak dira gure eskualdean». Sorbururen kasuan, 25 familia biltzen dituen elkarte bat da, eta «denak hiritarrak» direla azpimarratzen du Lekuonak. Hondarribiko Udalak lagatutako Bottikako Agroaldearen 5.000 metro koadroko hiru lursailetako bat kudeatzen dute. Aparteko kasu sinbolikoa da honakoa. Irunen ez baita horrelako proiekturik, eta Hendaia eta Urruñan Legarralde eremuan saiakera egin duten bitartean, orain Urruñako herriko etxeak 2,7 milioi euroko inbertsioa egin berri du, udazkenean hirierdiko eskolan sukalde zentrala eraiki, eta Tokiko Laborantxa Plana martxan jarriaz, bertako ekoizpenekin sukaldea ahal bezainbat hornitzeko. «Kasu aislatuak dira, eta Urruñaren kasuan nekazal lur gehien duen herria da gure eskualdean, eta aukera eman dezake», dio Oihana Galardik. Baina proiektu hau, berritzaile eta apartekoa delako dugu albiste.
Hondarribian ere HAPO berrian Udalak etxeak eraikitzeko dituen aurreikuspenaren mehatxupean dago Agroaldea, eta zentzu honetan, nekazal jarduera honek ez du etorkizunera begirako segurtasunik. Hala ere, Sorburu lau urte darama proiektuarekin, eta bidea eginez doazen heinean, aurten 30 familiara zabaldu nahi dute kolektiboa. «Agroekologia bultzatzen dugu agroekologia eginez. Langile bat kontratatu dugu familien saskiak bermatzeko, baina proiektua aurrera eramaten goazen heinean ikasten goaz denok batera», dio Sorburu baratza elkarteko kideak. Hortaz, elikadura alternatiba izateaz gain, badu bere alde pedagogikoa ere.
Labore Txingudin ere argi daukate, hezkuntza dela eraldaketarako giltza. Oihana Galardik dioenez, «gizarte bezala erronka bat dugu, eta pedagogia egiten hasi gara dendan bertan, baina ikastetxeekin lan egiten ere. Akordio sozial bat dago haurrak hezitu behar ditugula, eta esfortzu hori egiten ari gara, baina helduenganako pedagogia ere egin behar da eredu aldaketa jendearengan sartzen joateko», dio Galardik, «hala ere, paradigma aldaketa benetan gizarte osoaren baitan egon dadin, erakundeen inplikazioa behar da, esfortzu ekonomiko potente bat egin behar da eta sinetsita egon behar dira politikak garatzerakoan».
Bien bitartean, Labore Txingudik azken urteetan IDEIAK laguntza deialdiari esker, hainbat proiektu garatu ditu dagoeneko hezkuntzan konzientzia pizteko helburuarekin. 2022an, gerora eskolaz-eskola aurkeztu eta Irun, Hendaia eta Hondarribian ikusgai egon zen “Bidasoa-Txingudiko Elikagaiak“ erakusketa pedagogikoa antolatu zuten HendaiaKoopekin elkarlanean. Bidasoa bailaran eskura ditugun agroekologia proiektu eta ekoizleen mapa edo karta osatu zuten horrela. 2023an Maia Permaculture batu zitzaien, “Bidasoaldeko elikadura burujabetza pausoz pauso” egitasmoa aurrera eramateko. Aurten, berriz, Bidasoa-Txingudiko elikadura burujabetzan sakontzen jarraitzeko helburua dute, eta DBHko ikastetxe eta Kolegioekin batera “GazteakON: Elikadura Erronka” izeneko proiektua garatuko dute.