Kontent egin du Aitor Baztarrika zuzendariak ‘Jesus Carrera: Hondarribiko Gorria’ dokumentalaren azken hilabeteetako ibilbidearen bilana Antxeta Irratian. Maiatzaren 31n proiektatu zuten aurrenekoz, Hondarribian, Itsas Etxean, eta herrikideen harrera beroarekin. Geroztik, hainbat jaialdi eta aretotan erakusteko aukera izan dute, eta asteburu honetan FICAB jaialdian erakutsiko dute.
Izan ere, zuzendariak argi du arkeologiari buruzko zinemaldian lekua duela lanak. Azaldu duenez, dokumentalaren sorrera bultzatu zuena Jesus Carreraren desobiratzea izan zen, Alcalá de Henareseko hilerrian, Madril inguruan, 1945ean fusilatu zuten lekuan berean. Lan arkeologiko horrek zuen dokumentalaren prozesua abiarazi, eta hartaz, Irungo jaialdian proiektatzea zikloa ixtea ere bada.
Gainera, FICABen antolatzaileak Memoria Historikoari leku berezia egiteko lanean ere ari dira azken urteetan, eta larunbat goizean, ‘Israelen eta Paularen Etxea’ filma ere proiektatuko dute, El Salvadorren 1981an armadak egindako sarraski baten inguruko lana.
Baztarrikak aitortu duenez, estreinatu aitzin “ikusmira” zuten publikoaren harrerari zegokionez, askotan “gai historikoei buruzko filmek gai zehatz horietan interesa dutenak” bakarrik erakartzen baitituzte. Baina ez, “umeekin hasi eta aiton-amonekin bukatu”, orotariko hondarribitarrak bildu ziren proiekziora. Antzeko erantzuna izan dute bertze hainbat proiekziotan ere.
Hurrengo hilabeteei begira, hainbat mugarri finkatzen ari dira jadanik. Gehiegi aurreratzeko aukerarik gabe, baina sari esanguratsu bat jasotzekoak direla aipatu du Aitor Baztarrikak, eta horrek ate gehiago irekiko dizkielakoan dira. Anartean, Aretxabaletan emanen dute dokumentala azaroaren 28an, eta Hondarribian berriz ere proiekzio ugari eginen dituzte urtarrilean, hilabete horretako 16an 80 urte beteko baitira Jesus Carrera fusilatu zutenetik. Datozen hilabeteetan hortaz, zabalpen prozesu horretan jarriko dituzte indarrak dokumentalaren lantaldeko kideek.
Larunbatean, azaroaren 16an, goizeko 11:00etan proiektatuko dute ‘Jesus Carrera: Hondarribiko Gorria’ dokumentala Mendibilgo zinegeletako lehen aretoan, dohainik. FICAB jaialdiak iraun bitartean sarean ere ikusgai da, FestHome atarian.