Moskuko Gaztetxe berria abiarazteko Santomas Eguna ospatuko dute

Koldo Nausia 2024ko abe. 19a, 10:00

Moskuko Gaztetxea izendatu du Bidasoako Gazte Langileen Asanbladak Irungo Eguzkitza kaleko 15.ean okupatu duten lokalean abiatu duten proiektu autogestionatua. Auzolanean garbiketa eta atontze lanak egiten ari dira egunotan, eta auzoari irekitako haien lehenbiziko hitzordua Santomas egunerako eman dute. Goizeko 11:00etatik 19:00etara ateak irekiak izango dituzte, eta txistorradaz gain, toka txapelketa bat antolatu dute.

Moskuko Gaztetxea sortu dute. Joan den asteartean egindako asanbladan erabaki du Bidasoako Gazte Langileen Asanbladak Irungo Eguzkitza kaleko 15.ean okupatu duten lokalean gaztetxearen izena. Aurretik ere hasiak ziren goizero-goizero garbiketa eta atontze lanak egiteko auzolan deialdiekin. Eta gaztetxe proiektua eraikitzen hasi dira. Izan ere, 15 urtez hutsik zeramazkin lokala okupatu eta Ertzaintzak bi lagun identifikatu ondoren, urtarrilaren 15ean epaiketaren esperoan dauden bitartean lanari ekin diote.

Proiektu autogestionatu bat nahi dute «instituzioetatik kanpo eta sistema kontsumistatik aldenduko den gazteen beharrak asetuko dituen aisialdia antolatzeko espazioa». Izan ere, erakunde publikoetatik ez dute gauza handirik espero. Auzoa biziberritzeko helburua dutela iragarri zuten, eta joan den igandeko haien aurreneko asanblada irekia hala izan zen. Moskuko Gaztetxeko kideek argitu dutenez, «Irungo Lakaxita Gaztetxeko kideak ere hurbildu ziren, eta proiektuari ekarpenak egin eta haien babesa adierazi» diete. Eta Real Union futbol taldeko South Side zale antifaxistak ere bat egin du haiekin laguntzeko prest. 

Bestalde, izena eta izana ere behar dutenez, Santomas egunerako goizeko 11:00etatik aurrera egun osoko egitaraua prestatu dute. «Orain txistorra egiteko su baten bila ari gara, eta egun osoan zehar ateak irekiak izango ditugu gunea ezagutu nahi duenarentzat», argitu digute. Hala ere, gauean festa gaztetxetik kanpora egingo dute «zarata handiko eguna baita berez, eta bizilagunekin bizikidetza eta errespetuz jokatu nahi dugu», diote. Hala ere, bizilagunei ere gonbidatu diete santomas egunean bertatik pasatzera. Zentzu honetan, lokala hartu zutenetik auzokideekin harremana ona izan dela azpimarratu dute. «Orohar ondo hartu dute, eta galdetzen digute ea noiz irekiko dugun. 15 urtez itxita egon den lokala dela kontutan hartuta, harriduraz hartu dute batzuk lokalaren garbiketarako ateak zabalik ikustea», azaldu digu Moskuko Gaztetxeko kide honek.