4.000 lagun baina gehiagori eman die laguntza Irungo Harrera Sareak azken urtean

Aimar Lopez 2025ko urt. 3a, 11:27

“Gautxori” taldekoak iaz baina lau aldiz migratzaile gehiagoren bidelagun izan dira arratsetan, “Harrera” taldeak eta arropategiak aldiz ez dute igoera nabarmenik izan.

2024ko datuak aurkeztu zituen atzo Irungo Harrera Sareak. 2023an baina nabarmen lagun gehiagori eman die laguntza, bereziki gauez autobus edo tren geltokira iristen diren migratzaileekin lanean ari den “Gautxori” taldea izan delarik lanpetua. Hauek, 2024an zehar 1995 laguni eman diete laguntza, 1950 gizon, 65 emakume eta 5 haurri. 2023an 563 lagun artatu zituen talde horrek, lau aldiz guttiago beraz.

Egunean zehar San Juan plazan laguntza eta xehetasunak ematen dituen “Harrera” taldeak berriz, 3623 migratzaile ikusi ditu aurten, 3310 gizon, 268 emakume eta 45 haur. 2023an 2738 lagundu zituzten hauek. Azkenik, arropategia 616 lagunek erabili dute, 2023an 544 zirelarik.

Igoera nabarmena beraz “gautxori” zerbitzuaren laguntzetan eman da 2024an, honen azalpena argia delarik: urte osoan zehar, mugako pasabideren bat edo bertze irekia izan da ia beti, eta hortaz, Irunera iritsi eta segituan Hendaiara pasatzen ahalegindu dira pertsona migratzaileak. Pariseko Joko Olinpikoak zirela eta uda garaian mugan kontrol permanentea izateko baimena bazuen Frantses poliziak, eta udazken hastapenean epea luzatuko zuela iragarri zuen Parisek. Haatik, azken urteetan baina kontrol gutxiago ikusi dira Santiagoko eta Behobiako zubietan, eta gaur gaurkoz, autoen bi zubietako etxolak kenduak dira ere.

Atxiloketak eta sariak

Martxoaren 14an Korrika Irundik abiatu eta Hendaiarako bidea hartzerakoan hainbat militantek 36 migratzaileri muga “modu seguruan” pasatzen lagundu eta Baionara eraman zituzten. Irungo Harrera Sareak bere gain hartu zuen ekintza beste dozenaka erakunderekin, eta kide horietako batzuei Hendaiako komisaldegian deklarazioa hartu zieten udazkenean, atxiloturik zituztela. Urtarrilaren 28an epaituko dituzte, eta hilaren 26rako manifestaldia deitua da Irundik Hendaiara, “J’Accuse” lelopean; Irungo Harrera Sarea deitzaileen artean da.

Aurten, bertzalde, Alkartasuna saria jaso du Harrera Sareak, EA alderdiaren Alkartasuna fundazioaren eskutik. 2018an sortu zenetik egindako lana saritu du hala fundazioak, egindako “lan humanitarioa” agerian jarriz.