Otsailaren 3an inauguratu zuen Eusko Jaurlaritzak Irungo Plaiaundiko Institutua (Pierre Loti kalea) eta Santiagoko bidegorria lotzen dituen zubien azpiko egurrezko pasabidea. Guztira 1.200 metroko pasabide berriaren eraikuntzan 3,4 milioi euroko inbertsioa egin dute, baina Balazta Bidasoko bizikletaren aldeko elkarteak, Amute-Kosta eta Mendelu auzo elkarteek ohar baten bidez kezka adierazi berri dute. «Administrazioentzat amaitutzat ematen duten zerbaiten zantzua dugu, baina hondarribiarrek jakin badakite, gure herriarekin bidegorri lotura ez dagoela osatuta», salatu dute.
Balazta elkarteak berak, «bidegorria osatu artean GI-636 saihesbidearen arriskua ekiditeko behin-behineko alternatiba» bat eskatu zuen inaugurazioaren astean bertan, bidegorria Plaiaundin amaitu eta segidarik ez zuela ikusita, Hondarribira joateko sahiesbidera sartzeko «gonbidapen arriskutsu» bat zela ulertuta. Amute-Kosta auzo elkartea ere, goibel agertu da «berriz ere agintariek ez dutelako bidegorria Amuteraino luzatzeko emandako hitza bete».
Herritarren ezinegonaren irudiko izan da, bidegorri berria zabaldu eta hiru egunera,"Bidegorria Noizko!" pankarta eusten duten bi txirrinda gorri ezarri zituztela, aspaldiko premia gorri baten ikur. Irungo Plaiaundi institutuan (bidegorri berria amaitzen den lekuaren parean) eta Mendeluko GI-2134 errepidearen bazterrean (Alkain aurrean) agertu ziren, eta oraindik ere bere horretan atxikitzen dituzte
Mozioa eta konpromiso eskaera
Egoera honen haurrean, Jose Ramon Lorenzo Mendeluko auzo elkartearen ordezkariak, Balazta elkarteko Gorka Obesok eta Iñaki de la Fuente Amute-Kosta auzo elkarteko ordezkariek sinatuta, HONDARRIBIA – IRUN – HENDAIA BIDEGORRIAREN AMAIERA bultzatzeko mozioa aurkeztu berri dute Hondarribiko Udalean. Haien helburua da udal agintariek proiektua osatu eta amaitu ahal izateko ekintzak bultza ditzatela eskatzea. Eta udal talde politiko guztiek aho batez onartzea nahi dutenez, mozioari aldaketak egiteko prest azaldu dira.
Sinatzaileek salatu dutenez, «urte luzez itxaroten egon gara, ari gara eta itxura osoa du, hala egongo garela eskualdeko bidegorri lotura behingoagatik burutzeko, administrazio ezberdinen utzikeria eta konpromiso faltaren ondorioz». Denbora tarte honetan, proiektuak, hainbat aldaketa, eguneraketa, administrazioen hartzeko adostasun eta eskualdaketa ugariak izan direla diote, «erabat lokaztu dutenak hasieran zuen ibilbide itxaropentsua».
Izan ere, agintariek estreinatu berri duten egurrezko pasabidea Plaiaundiko hezegunearen bazterretik Hondarribiarekin lotura egingo zuela iragarri zuten 2021ean proiektuaren asmoak aurkeztu zituztenean. 2022ko otsaila erdialdean eman zuen proiektuaren berri Arantxa Tapia sailburu zenak, eta 14 hilabeteko epean amaitzea aurreikusten zutela argitu zuen, hau da, 2023ko apirilerako. «Epe hartatik ia 2 urte pasa diren honetan, egoera berdinean jarraitzen du Hondarribiak», kexu dira hiru eragile hauek.
Gogoratu beharra dago, 2023ko udazkenean obra esleitu ondoren, lanak egingo zituen enpresak aurreikusitako kostua uste baino handiagoa izango zela ikusita, uko egin ziola bidegorri berriaren luzapena Mendeluko Los Planetas etxeen atzealdetik, eta erreka bazterretik Amuterekin lotzeko proiektuari. Hiru hilabeteko epea zuen enpresak kontratua izenpetzeko, baina ez zen sinatzera iritsi.
Joan den asteazkenean, aldiz, Cristina Laborda Irungo alkateak jakinarazi zuen Espainiako Gobernuak «obra hauek aurki berriz esleitzeko asmoa» iragarri duela. Baina ez dute eperik zehaztu horretarako. «Gure helburua da, Amuteko biribilgunetik Zubimuxuko biribilgunera, baita Plaiaundira ere, oinezko eta bizikletentzako lotura seguru eta duin bat izatea. Eta behingoagatik, proiektu obra garatzea», aldarrikatzen dute mozioa aurkeztu duten elkarteek.
Bidegorria lortzeko bide-orria
Eskaera Hondarribiko Udalari luzatu diote udal talde politikoek udalbatzan eztabaida dezaten. Batetik proiektua garatu ez izanaren arrazoiak dagokion arduradunei eskatzea, eta gaur arte egindako kudeaketak argitzea nahi dute. Eta bestetik, bidegorria errealitate bilakatzeko kronograma zehatz batekin lan egingo duten Mahai Politikoa eta Mahai Teknikoa eratzea. Haien segimendua eta bileren aktak nahi dituzte, eta informazioa modu gardenean udalaren webgunean argitaratzea.
Exijentzia hauek guztien oinarrian, Hondarribia, Irun eta Hendaia bidegorri loturaren proiektua bultzatzeko eragile eta udal, aldundi eta beste administrazioetako politiko eta teknikoen arteko lankidetza funtsezkoa dela uste dute. Proposatzen duten mahai horrek bi fase izango lituzke, Mahai Politikoa, eta ardurak eta erantzukizunak argitutakoan, proiektua garatzeko Mahai Teknikoa. (*Beherago hauek eratzeko proposatzen duten ordezkaritza).
Era berean, bidegorriak lotuko dituen lurrak prest edukitzea eskatzen diote udalari. Kostaseko proiektuan BIOKen pabiloien atzean amaitzen baita, eta diotenez, Amuteko biribilguneko bidegorriarekin lotzeko, hainbat lur desjabetu beharko dira: Aldatz nautika, Sagarzazuko orubea, etab...
*MAHAI POLITIKOAren osaketarako proposamena: Bidasoaldeko (Hondarribia, Irun eta Hendaia) hautetsiak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun foru ordezkariak, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio energetiko eta Jasangarritasuneko arduraduna, Gipuzkoako barrutitik Eusko Legebiltzarrerako hautetsiak, Espainiako Gobernuan Kosta menpe duen ministerioko ordezkaritza edo beharrezkotzat jotzen den beste edozein kargu politiko, eta mozioaren eskatzaile diren eragileak.
MAHAI TEKNIKOAren osaketarako proposamena: Udal ordezkariak, proiektua gauzatuko duen administrazioaren ordezkaritza, obren ardura duen administrazioko ordezkaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Kostaseko arduraduna: Tomas Alberto Martín del Campo (Probintzia Zerbitzuko burua), beharrezkotzat jotzen den beste edozein teknikari edo ordezkari eta mozioaren eskatzaile diren eragileak.