hitzaldi zikloa

Elikaeskola: «Dieta errotuta dugu idealtzat saltzen diguten gorputza lortu nahian, baina osasun fisiko eta mentalaz kezkatu beharko ginateke gehiago»

Koldo Nausia 2025ko ots. 24a, 10:53

Elikaeskolak eta Parean elkarteak “Presio estetikoak osasun fisiko eta mentalean”  hitzaldi zikloa antolatu dute, elikadura nahasmenduek izan duten gorakadaz kezkaturik. Lehen saioa, martxoaren 11n (18:30) izango da Irungo Palmera Monteron, "Indarkeria estetikoa eta lodifobia" lantzeko. Ekaina arte hilabeteko bigarren astearteetan elkartuko dira pisu ideala, dieta eta osasun fisiko eta mentalari buruz dugun ideiaren «dekonstrukzioa» egiteko.

Elikaeskolak eta Parean elkarteak “Presio estetikoak osasun fisiko eta mentalean” hitzaldi programa antolatu dute martxoaren 11n hasi eta ekaina bitartean. Guztira lau hitzaldiz osatutako zikloa prestatu dute. Saio guztiak hilabeteko bigarren astearteetan izango dira, arratsaldeko 18:30ean Irungo Palmera Monteroko bigarren aretoan. Eta iragarri dutenez, denei irekia da. 

Gizarte osoaren arazo bati buruz sentsibilizatu eta norbere osasunean eragin zuzena eduki dezakeen kontzientzia eta jokamolde aldaketak eragin nahi baitituzte Elikaeskolako nutrizionista eta psikoterapeutek. Eli Gallego, Garazi Lizarraga eta Jone Larrañagarekin hitz egin dugu, eta azaldu digutenez, 2020 urtean Hondarribiko Harresilanda kalean kontsulta zentroaren ateak zabaldu zituztenetik, Irungo eta Hondarribiko ikastetxeetan ez ezik, iaz Hondarribiko Udalarekin lankidetzan hitzaldi ziklo bat antolatu zuen Elikaeskolak, gizartea sentsibilizatzeko helburu berarekin. Eli Gallegok aitortzen digunez, «jendeak oraindik eskertzen digu begiak zabaldu dituztelako bertan entzun eta ikasitakoarekin».

Argal egotea osasuntsua al da? 

Izan ere, elikadura osasuntsuari buruz daukagun iruditeria okerra dela diote aditu hauek. Eta elikadura portaeraren nahasmenduak eta patologia digestiboak tratatzen dituzten heinean, urtero egoera gero eta kezkagarriagoak topatzen dituzte «idealtzat saltzen diguten gorputz hori bultzatuta». Aditu hauek diotenez, «argal egoteak ez du esan nahi osasuntsu gaudenik, eta itxura fisikoaz kezkatzen gara gero eta gehiago, baina ez hainbeste gure osasunaz».

Aldiz, gure gorputza eraldatzeko egin dezakeguna, %6a besterik ez dago gure esku haien esanetan. Aitzitik, portaera eta joera txarrak aldatzeko, kontzientzia hartu behar da aurretik. Hortaz, pisu ideala, dieta eta osasun fisiko eta mentalari buruz dugun ideiaren «dekonstrukzioa» egiteko balio dezake hitzaldi ziklo honek haien ustez.

Elikadura nahasmenduen gorakada

2020an Elikaeskola zentroa sortu zutenez geroztik ikusi duten bilakaerarekin kezkatuak antolatu dute hitzaldi ziklo hau Irunen. Izan ere, Euskal Herri osoan bezala Bidasoan ere, elikadura nahasmenduak emendatu egin dira azken urteetan, eta euren kontsultan gero eta paziente gazteagoak tratatzen dituzte. Kontatu digutenez, lehen 14-16 urteko neskatoak ohikoak zituzten bitartean, orain  6-8 urte arteko neskak ere jaso izan dituzte elikadura nahasmendu patologia ezberdinekin, eta profila mutil eta gizonezkoetara ere zabaldu da. 

Zentzu honetan, 2017ko inkesten arabera EAEko adin txikikoen %11,1 obesitatea zeukan (2006 urtetik bikoiztu egin da) eta %13,6 gainpisua. Eta Save the Childrenek egindako inkesta baten arabera COVID pandemiaz geroztik egoera areagotu egin da nabarmen. Horrek eragin zuzena izan du Osakidetzan. 2021ean elikadura nahasmenduengatik lehendabiziko kontsultak %62,8 emendatu baitziren, 2022an %72,6ra igoaz.

«Hau da benetan kezkatzen gaituena», azpimarratzen dute, eta bereziki «osasun erakunde publikoen erantzun okerra». Elikaeskolako adituek diotenez, 2017an Osakidetzak SANO estrategia abian jarri zuen (Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak Euskadin Haurren Obesitatea Prebenitzeko Estrategia Integralaren 2013-2020 Plan Estrategikoaren baitan), baina «elikadura eta ariketa fisikoan oinarrituta dago, estatistikek aspaldi argi utzi dutenean obesitatea ez dela konpontzen gutxiago jan eta gehiago mugituta, edo ez horrekin bakarrik behintzat», azaltzen du Garazi Lizarragak. 

Eli Gallegok ohartarazi duenez, «oso garrantzitsua da jakitea edozein dieta murriztatzaileek eragin negatiboa dutela osasun mentalean eta ongizate emozionalean eta noski, osasun sozialean eta familian». Antsietatea, janariekiko obsesioa, elikagaiekiko beldurrak eta gorputzarekiko insatisfakzioa areagotu dezake, eta horrek elikadura nahasmenduak eragiten dituela azpimarratzen du. 

Gorputz ideala eta estetikaren presio soziala

Eta horri bizi dugun gizarte estereotipatu honen presioa gehitu behar zaio. «Jabetu behar gara gaur egun sare sozialek eragin handia dute, eta idealtzat saltzen diguten eta hainbeste irrikatzen dugun gorputz hori lortzea ez dela benetakoa, elikadura eta ariketa fisikoarekin ez dela nahikoa, askotan ezinezkoa dela», dio Jone Larrañaga psikoterapeutak. «Dieta egitea oso errotuta dago, elikagai baimendu eta debekatuak markatzea, otorduak konpentsatzea, eta zeresanik ez, estetikarekiko presio etengabearekin bizitzea», ohartarazten du Larrañagak. Hortaz kontzientzia sortu eta benetako elikadura osasuntsu bat lortzeko, pedagogia egin nahi dute antolatutako hitzaldi zikloan:“Presio estetikoak osasun fisiko eta mentalean” ... «eta sozialean» gehitzen du Eli Gallegok. 

Lehen hitzordua, martxoaren 11n izango da (18:30 Palmera Monteroko 2. salan) denei irekia. Bertan indarkeria estetikoa eta lodifobia landuko dituzte. Bigarren saioa apirilaren 8an izango da, elikadura nahasmena detektatzeko gakoei buruz. Maiatzaren 13rako “Gorputz perfektua osasuna ala negozioa? Presio estetikoaren egina” hitzaldia antolatu dute. Eta zikloa ekainaren 10ean itxiko dute “Dietak, pisu ideala… Zer da elikadura osasuntsua?” izenburuko hitzaldiarekin.

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!