Irunen bizi den Mariam Mohamed Embarek saharar emakumeak (kanpalekuetan egon berri dena) eta Tadamum elkarteko Maritxu Arbelaizek hitzaldia emango dute ostiralean Larreaundi-Olaberria auzo elkartearen egoitza berrian. Oporrak Bakean kanpainaren azken txanpan sartuak dira, eta iaz bezala, aurten ere 9-12 urte bitarteko 300 haur saharar ekarri nahi dituzte uda honetan Euskal Herrira. Iaz 199 besterik ezin izan zuten etorri, horietatik 79 Gipuzkoara, eta haien artean 14 Bidasoaldera: Irunera (5) eta Hondarribira (9).
2020ko pandemiak programa etetera behar zuenetik, egitasmoa hauspotzeko lanean dihardute, baita saharar auzia ahanzturak estali ez dezan ere. Hala, 2022an (5 harrera familia) eta 2023an (3) izan ondotik, joan den urtean 13 harrera familia animatu ziren. Haatik, iaz eskualdera etorri ziren haurretatik hiruk harrera familia berri bat behar dute. Baita familia gehiago haur berriak etorri ahal izateko ere.
Bidasotarren elkartasuna
Marokok, 1975eko azaroaren 6an Mendebaldeko Sahara Martxa Berdearekin hasitako inbasioa eta geroko okupazioaren ondoren, Espainiako PCE alderdiak proposatuta martxan jarri zen duela 47 urte Oporrak Bakean (Vacaciones en Paz) programa. Gure eskualdean 2000-2015 urteen artean bizi izan zuen bere garairik oparoena, 30 umeri harrera egitera iritsi zitzaion eta.
Historikoki Bidasoaldea saharar auziarekin sentsibilitate handia erakutsi du, baita elkartasuna ere. Aurten, Tadamum Txingudiko Sahararen Lagunen elkarteak antolatutako urteroko Sahararen Aldeko Euskal Karabana izan dugu horren adibide. Otsailean 12 tona elikagai bildu zituzten Irun-Hondarribiko supermerkatu eta eskoletan. Eta oraingoan ere, errefuxiatu kanpalekuetako baldintza kaxkar eta udako beroaldietatik bi hilabetez ihes egiteko aukera emango dieten harrera familien bila ari dira.
Izan ere, nazioarteko egoera politiko gatazkatsua batetik, (Ukraina eta Gazako gerlak tarteko) eta pandemiaz geroztik eman den inflazioaren ondorioz bestetik, laguntza humanitarioan jaso ohi duten elikagaien saskia %30 murriztu diete Tindufeko kanpalekuetan muturreko baldintzetan bizirauten duten 175.000 saharar errefuxatuei azken bi urteetan.
Egoera muturrekoa dela diote Tadamum elkarteko boluntarioek. Eta abenduan harrera familiek eta Sahararen aldeko aktibistek egin ohi duten kanpalekuetara bisitan baieztatu ahal izan dute «egoera urtetik urtera okertzen» ari dela. Tadamun elkarteko kideek diotenez, «5 urtetik beherako haurren erdiak desnutrizio egoera pairatzen du gaur egun, eta haurdun dauden emakumeei dagokienez, anemia kasuak asko dira. Hirutik haur bakarrak du garapen osasuntsu batekin aurrera egiteko aukera elikadura urritasunagatik, eta argaltxo eta txiki geratzen ari dira».
Hartara, Euskal Herritik negu oro antolatzen duten Elikagaien Euskal Karabanak egoera zertxobait arindu badezake ere, uztailean eta abuztuan Aaiun, Auserd, Smara, Bojador eta Dajla errefuxiatu kanpalekuetatik aldendu, eta udako oporrak bakean, 50 gradu arteko beroaldietatik urrun, ondo elikatuak eta ur garbia edanez pasatzeko aukera eman nahi diete ahal bezain bat haurrei. «Gainera osasun frogak ere pasatzen dituzte, eta heltzen direnean dauden baldintzekin alderatuta, uda bukaeran beste haur batzuk dirudite», dio Irungo iazko harrera familia bateko kideak. Gogoan hartu behar baita, Eusko Jaurlaritza eta Mendebaldeko Saharar Delegazioaren arteko hitzarmenari esker, Osakidetzak hortzetako PADI sisteman sartzeaz gain, osasun frogak ere pasatzen dituztela haur hauek.
Oporrak Bakean programan harrera familia gisa izena emateko azken eguna martxoaren 15a izango da. Gerora prozesu administratiboa martxan jarri behar baitute, besteak beste, Espainiako Ministroen Kontseiluak haur hauen errefuxiatu karta tenporalak onartu bitartekoa.