Oraingo honetan, gure ibilbide proposamena Aralarren zehar eramango gaitu horrela nahi baduzue, eta hau da bere nondik-norakoa: Urkillaga portutik abiatu eta GR ibilbideari jarraituz, Agautz menditik pasatu Lareoko urtegira joateko; handik Lizarrustiko portura iristsiko gara. WIKILOC aplikazioan aurkitu dezakezue honako testu hau idatzita bilatzailean: Urkillaga - Cordal Sarastarri - Embalse Lareo - Lizarrusti.
Wikiloc | Ruta Aralar raral003-1: Urkillaga - Cordal Sarastarri - Embalse Lareo - Lizarrusti
Luzera 10,5 km eta bataz besteko desnibela 400 metrokoa. Ibilbide zirkularra ez denez leku beretik bueltatzea besterik ez badugu, datuak bikoiztu behar dira, zortzi ordu inguruko buelta, beraz, egun osoa behar duena.
Ibilbide nahiko erraza eta erosoa izateaz gain, balio paisajistiko izugarria duen proposamena da. Agautz Ataungo Domoa deituriko Geologia interes berezia duen lekuaren tontor nagusienetako bat da eta bertatik Euskal Herriko gailur esanguratsu asko ikusteko behatoki paregabea da (Agautzerako igoeran, bertako geologia interpretatzeko QR kode batzuk aurkituko ditugu: https://www.ataunturismoa.eus/eu/domo-ibilaldiak/agautz/). Agautzko gain aldean mendiko larreak daude, baina ibilbidearen zatirik handiena bertako basoetan barrena egiten da (artadi kantauriarra hasierako zatian eta gero pagadia).
Ibilbide osoa eremu karstikoan egiten da eta beraz, koba eta leize ugari topatu daitezke inguruan. Ezagunena SARASTARRIko koba dugu Sarastarriko kobara txango gidatua egingo dute zapatuan Ataundik : Goierriko Hitza Aralarko mendietan, Lareo urtegiaren ikuspegia menderatuz, Sarastarri mendiaren (995m) hegalean dago koba (892m). Espeleologoek eta mendizaleek ondo ezagutzen dute, barruan duen aintzirak eta edertasunak erakarrita. Haurrentzat ere egokia da; Kobazuloak 25 metro luze, 10 zabal eta 3 sakon da. «Ez du inongo zailtasunik, haur koskorrak ere arriskurik gabe mugi daitezke»
Ibilbide horretan honako hauek nabarmentzen dira:
- Ikuspegi bikainak Sarastarri mendilerrotik
b) Aralarko gailur ezagunak, ekialdean.
c) Pagadi-baso bikaina, Ataungo errepidea Lizarrustiko mendatera igotzen duena, hegoaldean.
- Sarastarri kobazulo ospetsua, bere mitoekin eta aintzirarekin. Esaten denez, Aita Barandiaranek, gaztetan, igerian gurutzatu zuen, kandela bat eskuan zuela, bere ikerketa etnografikoetako batean.
- Haitzulotik Lareoko urtegirainoko bidea sigi-saga egiten duen pagadi xarmagarria.
-Artzaintza-mundua,Enirio eta Uiduiko saroiek ordezkatua, Aralarko garrantzitsuenen artean.
-Jentillarriko trikuharria, Aralarko ezagunena eta Euskal Herriko megalitorik garrantzitsuenetakoa.
- Lareoko urtegia.
Balio anitzeko mendigunea : BERRIAn ateratako artikulu honetatik ondorengo entresaka egin dugu:
Bertan bizi diren abereei soilik ez, herrietako biztanleentzako ur biltegi funtzioa ere egiten du Aralarrek. Mendilerroan jaiotzen diren errekek betetzen dituzte, esaterako, Lareo eta Ibiur urtegiak. Ondasun horren garrantzia nabarmendu du Iñaki Aizpuruk, Biologian lizentziatuak: «Hemen badirudi sekula ez zaigula urik faltako, baina Doñanan ere hori pentsatzen zuten. Etorkizunerako baliabide horiexek behar ditugu: ura, aire garbia, lurzorua…».
Aralarren, urak badu beste berezitasun bat. Mendilerroak isurialde kantauriarra eta mediterraneoa bereizten ditu. Ataunen kontatzen dutenez, Lizarrusti mendatean dagoen txabola da banaketaren lekuko. Euria egiten duenean, txabolako teilatuaren alde bateko urak Nafarroa aldera joaten omen dira, eta, hortaz, Mediterraneoan amaituko dute; teilatuaren beste aldekoak, ostera, Gipuzkoa zeharkatu eta Kantauri itsasoa izango dute helmuga. Erreka horiek ureztatzen dituzte Aralarko basoak ere, historian hainbat gorabehera jasan duten zuhaiztiak. XVIII. eta XIX. mendeetan, esaterako, burdinolek, ontziolek zein arma fabrikek egurra behar zutela eta, udalek pagadiak ustiatu zituzten. Ondorioz, 200 urtetan, basoaren «eremu erdia» galdu zela azaldu du Iñaki Aizpuruk. Egun, landaketak egiten ari dira basoek berez duten balioa berreskuratzeko; baita abereek itzala edukitzeko ere.
Euskal Herriko megalito kontzentraziorik handieneko eremua izateaz gain, Nafarroako Erresumako gotorlekuen aztarnak edota XX. mendera arte ustiaturiko meategiak ere topatu dituzte arkeologoek. Bestelako ikerketak ere egin dituzte. Esaterako, Arantza Aldezabal biologian doktoreak aztertu du zer ondorio izango lukeen artzaintza desagertzeak Aralarren. Izan ere, abeltzaintzak pisu handia du Aralarren. Gipuzkoako artzaintza gune garrantzitsuena da. 2022an, 65 artzain zeuden lurralde osoan. Horietatik, 40 Aralarrera joan zirela jakinarazi du Aizpuruk.
Mendi hauetan mitologia bizi-bizirik dago eta paraje hauei loturiko kontakizunak ugariak dira.
Beste bi ibilbide errazagoak: Idatzi Wikilocen ondorengo testua: Lizarrusti-Aasko-Txaradigorri-Irumuga-Etxarri Aranaz. Osorik eginez gero 12km eta 500 metroko desnibela du, baina Irumugara joan eta berriro Lizarrustira buelta eginda 8,4 km eta 460metroko desnibelan laburtuko da.
Lareora iristeko, harrian irekita dagoen Akerretako tunel bitxitik zehar pasa beharko dugu. Lareoko bidea utzita Irumugata gailurraren bila joango gara, lehenengo aldapa gogorrena gainditu ostean, tontor leunetatik kaskoz kasko, pagadi ederrak zeharkatuz. Bidean hiru trikuharri ikusiko ditugu. Izan ere, inguru hau aberatsa da honelako hilobi prehistorikoetan, eta gure ibilbidetik gertu, badira gehiago ere.
Zehaztasun gehiago izateko irakurri ARGIAk plazaratu zuen artikulu hau: Lizarrustitik Irumugatara: trikuharrien bidea pagadietan zehar
Bigarren ibilaldia honako hau duzue:
Lizarrusti-Lareo urtegia-Koba-Lizarrusti 7,87 km, 229m. desnibela
Informazio osoa GOIBERRI aldizkariasn egindako aritukulu honetan duzue: Lareo, ikazkinen bidetik
Lizarrustiko parketxetik abiatuta egin daitezken bideetan erraz eta ederrenetako bat da Lareoko urtegira doana. Lizarrustitik abiatuta eta garai bateko ikazkin eta basomutilen bidetik, 40 bat minutu behar dira Lareora iristeko, eta ordu eta erdi pasatxo itzuli osoa egiteko.
Harremanetan jartzeko: basobiziakplataforma@gmail.com
Web orria: https://www.basobiziakplataforma.org/
Telegrameko kanala: https://t.me/basobiziakplataforma