Apirilaren 14an, astelehenean, hasiko da Txingudiko Zerbitzuak Irungo eta Hondarribiko 9.350 ur-kontagailu ordezkatzeko prozesua. Next Generation europar funtsek finantzatutako modernizazio prozesuaren parte da esku hartze hau, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren (PRTR) barruan kokatzen du Txinzerrek. TD2B proiektuaren modernizaziorako 1.092.199 euroko inbertsioa egingo dute, eta horietatik 797.199 euro (%73) diruz lagunduko du Europak. Gainera, ekimen honek internet konektibitate zerbitzu bat beharko du 12 urtez irakurketak zentralitara bidaltzeko, eta horrek 296.301,50 euroko kostu gehigarria izango du.
Uraren kudeaketa jasangarria
Prozesu honi esker, etxebizitzak azken belaunaldiko teleirakurketa teknologiaz hornituko dituzte, eta, horrela, ur-horniduraren kudeaketa jasangarriago bat egin ahal izango dute, ur isuriak saihestuz eta ur-hornidura sarean eman daitekeen edozein arazoa lehenbailehen detektatuz.
Leire Zubitur, Txinzerreko kudeatzaileak azaldu digunez, «tele-irakurketari esker bezeroak duen uraren kontsumo ohiturei buruz datu asko jasotzen dira, eta ez ohikoa gerta daitekeen kontsumo baten aurrean alarma pizten da». Diotenez, norbere etxean matxura bat duela ohartu baino lehen jakin dezakete Txingudiko zerbitzuetan. Gogoan hartu behar da, horretarako ur-hornidura sarean bestelako kontagailu batzuk dituztela, eta leku batetik bestera mugitzen den ur kopurua zehaztasun handiz kontrolatu dezaketela gaur egun.
2015ean hasi zen Txingudiko Mankomunitatea Irungo eta Hondarribiko ur-kontagailu zaharrenak ordezkatzen. Eta faseka egin izan dituzte orain arten. Izan ere, eskualdean guztira halako 40.000 gailu daude. Oraingo honetan, joan den irailean aurkeztu zuten Txingudi Data Drive Bay proiektuaren baitan, uraren tele-irakurketa sistema modernizatzen jarraitzeko 9.350 ur-kontagailu ordezkatuko dituzte, etxeetako eta enpresetako ur-kontsumoaren neurketa zehatzagoa egin eta ur-ihesak goiz detektatzeko aukera emateko.
Zortzi hilabeteko ordezkatze prozesua
Txinzerrek argitu duenez, oraingo fase honetan zortzi hilabete emango dituzte, eta Hondarribiko Hondartza gunetik hasiko dira. Hegoalderantz hiria zeharkatu ostean, Mendelun amaituko dituzte. Eta Hondarribiko kontagailu guztiak ordeztu ondoren, Irungo Pinar, Anzaran eta San Migel auzoetako gailuak aldatuko dituzte.
Kontagailuak aldatu aurretik bizilagunei jakinaraziko zaie, eraikinaren atarian jarriko duten ohar baten bidez. Eta kontagailua etxe barruan instalatua daukatenen kasuan, Txingudiko Zerbitzuak harremanetan jarriko da abonatuekin, hitzordu bat zehazteko eta instalazioa koordinatzeko. Leire Zubiturrek ohartarazi du AQUATEC eta KLIDAT enpresek egingo dituztela kontagailuen ordezkapen lan hauek, eta azpimarratu du «langile guztiak behar bezala akreditatuta egongo direla, segurtasuna eta konfiantza bermatzeko». Edozein zalantza argitzeko edo informazio gehiago jasotzeko, Txingudiko Zerbitzuen bezeroarentzako arreta zerbitzura deitu daiteke 900 119 384 telefonora, edota posta elektroniko bidez txinzer@klidat.com helbidera idatzita.