Itsasadarra #3 - Turismoa eta aisialdia

Aimar Lopez 2025ko api. 25a, 16:00

Itsasadarra podcastaren hirugarren atalean turismoa eta aisialdia izan ditugu hizpide. Turismotik ere bizi den eskualdea da gurea, urtean milioika bisitari hartzen ditugu. Zer leku dugu hor gazteok? Nolako aisialdi eskaintza eragiten du horrek? Galdera horiei erantzun diegu Yera Laka, Amaiur Miguel eta Martxel Elosegirekin.

Hendaian, merkataritza sektoreko diru sarreren laurdena turismoak dakar. Herrian sortzen den aberastasunaren %18 turismo sektoreak sortzen du, 70 milioi euro inguru. 400 lanpostu dira urte osoan zehar, bertze 800 udan. Urtean, 3.3 milioi bisitari jasotzen ditu Hendaiak, Herriko Etxearen datuen arabera. Orotara, eskualdean 6.000 bigarren etxebizitza baina gehiago daude, gehiengo handia, 4.000 baina gehiago, Hendaian. Dozenaka hotel, kanpaleku eta turismo erresidentzia daude Hendaia, Irun eta Hondarribian. Hondarribia EAEn etxebizitza turistiko gehien dituen bost udalerrien artean da, 168rekin.

Hendaian gazte aterpe bat ireki berri dute, prezio eskuragarrietan turismoa egitea ahalbidetzen duen herriko lehen establezimendua. Hendaian ere, bost izarreko hotel baten eraikuntza baimendu eta babestu du Herriko Etxeak, erosketa ahalmen handiko bisitariak erakartzeko helburuz.

Irunen, eskualdean turista gutxien jasotzen dituen hirian, udako eta Eguberriko kanpainetan milioika euro inbertitzen ditu udalak, bisitariek hirian kontsumitzeko. Azken bi hamarkadatan, hiriaren ondare erromatarraren bidez turismo historikoa sustatzen dabil Irun, azken asteotan inauguratu delarik Oiassoko aztarnategia.

Hondarribian, azken urteetan eta bereziki azken bi urteetan udal gobernu aldaketaz geroztik turismoaren sustapen gutxi egiten da. Turisten bisita gidatu taldeetan 25 lagun baina gehiago izatea debekatu nahi du udalak, eta azken urtebetean behin baina gehiagotan herrian aparkatzeko lekurik ez dela seinalatu dute udaltzainek, turismo garaian, herriko sarreran.

Turismotik ere bizi den eskualdea da gurea. Errealitatea da, ukatu ezin dena, eta kostata alda daitekeena. Herritar guztion bizitzak hunkitzen ditu, lan, etxebizitza, garraio edo aisialdiari dagokionean. Bisitarien eta bertakoen aisialdiaz ariko gara, turistez eta gure herrian turista izateaz edo ez izateaz. Udari begira sortutako aisialdiaz, baita urte osoan zehar bizitzak bizigarri egiteko sortzen diren alternatibez. Postalez, eta postalen atzeko aldeaz. Ongi etorri Itsasadarrera.