Balazta bizikletaren aldeko elkarteak txirrindaren erabilera ez ezik, bihotzak ere suspertu nahi ditu, eta «osasuna eta segurtasuna» aldarrikatzearekin batera, alternatibak ere eman nahi ditu. Helburu horrekin, bizikleta martxa bi antolatu ditu, bana hurrengo bi asteburuetan. Bata, Irun-Hondarribia arteko Mendeluko bidegorria edo lotura aldarrikatzeko, ekainaren 1ean, Bizikletaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez. Baina aurretik ere “Pedalei eraginez bizitzak salbatu” lelopean, bihar aparteko ekimena antolatu dute Hondarribiko Gurutze Gorriaren egoitzan, bihotz-suspertze eta sorospen ikastaro batekin.
Manu Eizagirre, Balaztako kideak azaldu duenez, «Hondarribian gero eta desfibriladore gehiago daude, eta hauek ondo erabiltzen ikastea garrantzitsua da». Alde horretatik, Hondarribiko Udalak aurten abian jarri duen herriko desfibriladoreak berrantolatu eta herritarren eskura jartzeko ekimenaren baitan, 100 boluntario baino gehiagok parte hartu dute hauek erabiltzeko ikastaroetan. Egindako diagnostikoaren ondotik, udaletxean zegoen gailua eta Arraun Elkartekoa dagoeneko fatxadan kokatu dituzte. Eta herrian zeuden hainbat desfibriladore birkokatu egin dituzte: Zuloaga Etxean zegoena Txiplaura eramango dute, Musika Eskolan zegoena Sokoara, eta bost desfibriladore berri instalatuko dituzte; Mendelu auzoan, hondartza eremuan, Kai Berrian, Guadalupen eta Portua auzoan ere.
Udalaren helburua, ordea, herri mailako Erreskatatzaile Taldea osatzea da, eta egindako ikastaroekin bat eginez, Balazta elkarteak ere bere ekarpena egin nahi izan du.
Ekainaren 1ean Bizikleta Martxa
Baina bihotza osasuntsu mantentzeko pedalari eragitea lagungarria bada, kaleetan ibilgailu motordunen presentzia txikitu eta hiriko desplazamenduak bizikletaz sustatzeko elkarteak duen erronka betetzeko, «bidegorri sare seguru eta egokia» ezinbestekoa da Eizagirreren ustez. Hori dela eta, «zahartzen ari zaigun betiko aldarrikapena, Mendeluko Irun eta Hondarribia arteko lotura aldarrikatzeko Bizikleta Martxa handia antolatu nahi dugu ekainaren 1ean», iragarri du Balaztako kideak.
Ekainaren 3an ospatuko den Bizikletaren Nazioarteko Eguna aitzakia hartuko dute horretarako. Eta aurreko igandean, bi abiapuntu izango ditu Bidasoaldeko familiei irekitako martxak. Goizeko 11:00etan irtengo dira Irungo San Juan plaza eta Hondarribiko Gernikako Arbolatik, eta 11:30ak aldera Mendelu auzoan elkartuko dira, autobus geltokiaren ondoan. Ekitaldi xumea izango dela argitu du Eizagirrek, baina azken urteetan hamaika aldiz aldarrikatu duten bidegorri zatia agintariek egin ezean, «bizikletan eskualdean mugitzea ginkana bat» izaten jarraituko duelakoan dago. Eta Irungo Udalak aurkeztu berri duen Isuri Gutxiko Eremuaren perimetroa eta helburuak zeintzuk diren ikusita, bizikletaz mugitzeko azpiegitura txukuak giltzarri izango dira.
Mekanika ikastaroa
Bestalde, Balazta elkarteak mekanika ikastaroak dohainik antolatu ditu berriz, uda garaian eta eguraldi onak lagunduta txirrinda konpondu eta alternatiba honekin bat egin nahi duenarentzat. Elkarteak Irungo Larreaundi auzoan duen eskola zaharreko egoitzan (Euskal Herria hiribidean) emango dituzte txirrindak prest jartzeko formakuntzak, maiatzaren 24 eta 31n ez ezik, ekainaren 14an ere, goizeko 10:00etatik 13:00ra. Ez da izenik eman behar parte hartzeko, eta norbere bizikleta eramanda, elkarteak eskaintzen du behar den material guztia.