Maiatzaren 25an ospatzen den Afrikaren Eguna dela eta, Behar Bidasoa GKEak duela lau hamarkada baino gehiagotik Ruandan egiten ari den lana gizarteratzeko aprobetxatu nahi izan du. Urteotan guztietan, Irungo zein Hondarribiko udalen laguntza eta hamaika bidasotarren boluntario lanari esker, etxebizitza eskubidean, hezkuntza sarbidean, emakume eta familia ahulenen bizi-baldintzen hobekuntzan edota, ura eskuratzeko bezala, beste hainbat oinarrizko behar asetzeko lankidetzan aritu da erakunde sozial hau Afrikako herrialde hartan.
Behar Bidasoak azpimarratzen duenez, tokiko beste eragileekin lan egiten du, eta prozesu komunitarioak abian jartzeko erronka izan du proiektu gehienetan, protagonistak beraiek definitzen dituzten beharrak eta lehentasunak asetzeaz gain, lagundutako komunitateak ahaldunduz. «Afrikak ez du salbatzailerik behar, aliatuak baizik», diote Behar Bidasoatik. Alde horretatik, Afrikaren Eguna GKEek egindako lana balioan jarri eta estereotipoak apurtzeko balio dezakela sinetsita daude. «Askotariko errealitateei aurpegia jartzeko eta errespetuan eta justizian oinarritutako lankidetza aldarrikatzeko aukera bat da», aldarrikatzen du Behar Bidasoak.
Proiektu anitz Ruandan
Gaur gaurko, GKE honek Ruandan aurrera daraman lana hiru ardatzetan oinarritzen dela argitu dute. Tokiko Garapen Ekonomikoari dagokionez, nekazaritza eta abeltzaintza kooperatiba bat bultzatuz, aroztegi eta soldadurako lantegi bat eta, era berean, etxebizitza eta azpiegitura komunitarioak eraiki eta mantentzeko zerbitzua bultzatuz. Bestetik, hezkuntza eta gizarte garapenerako hainbat proiektu ditu martxan gaur egun; biogasa sortzea, eguzki-plakak instalatzea eta baso-berritzea ingurumenaren ikuspegitik, emakumearen ahalduntzeko prestakuntza, elkartegintza eta rol komunitarioa indartzekoa, eta hezkuntza estuki lotuta, ama-eskola, lehen hezkuntza, bigarren hezkuntza, lanbide-heziketa eta nekazaritzako formakuntza bultzatzeko proiektuak. Alde horretatik, Kabugan sortutako kultur zentroa, kultura eta hezkuntza sustatzeko funtsezko gunea dela diote.
Azkenik, oinarrizko azpiegiturak ere garatzeko proiektuak abian jarri ditu 40 urteotan. Etxeak, zubiak, errepideak eta komun publikoak, edateko ura bildu, bideratu eta eskuratzeko sistema, eskolako sukalde eta jangela, kirol-zelaia eta irakasleentzako egoitzaren elektrifikatzea, ura edateko ekipamenduak edota merkatu bat, eskola proiektuari lotutako ikasleentzako egoitza bat eta osasun-zentro bat ere eraikitzen lagundu dute.