2016an hasi zen Mugak Zabalduz mugimendua, Europako kanpo mugetatik abiatuta, migrazio politika arrazistak eta hiltzaileak salatzeko helburuarekin halako karabanak antolatzen. Melillatik Greziako Lesbosera, Siziliatik Euskal Herrira... mugimendu deszentralizatua da honakoa, baina kolektibo ezberdinak ideia baten inguruan batzen ditu: mugek eta politika antimigratorioek akatzen dutela. Anaitze Aguirre Larreta, Irungo Harrera Sareko kideak gaineratzen duenez, «hiltzen dute, eta pertsonak ilegalak bilakatzen dituzte, legeek memento eta testuinguru jakin batean esaten dutelako zu orain ilegala izango zara, eta ezingo duzu modu seguru batean Europara etorri».
Alde horretatik, Europan eragiten diren hilketa eta eskubideen urraketak salatu eta jendearen eskubideak exijitu nahi dituzte larunbatean. Karabanaren helburua fokua horren gainean jartzea baita: «ikuspegi hegemonikoa izaten da arazo bat daukagula eta mugak gogortu behar dituztela, baina arazoa da mugek hiltzen dutela. Agintariek diote ezin duzu ezer egin, joan etxera eta bizi zaitez ahal duzun hobekien zure burbujan, eta ez da horrela, erakusten ari garelako jendea elkartzen denean gauzak aldatzen ahal direla», dio Aguirre Larretak.
Bidasoko mugaldea antimigrazio politiken laborategi
Hortaz, larunbatean, migratzaileen kontrako biolentzia sistematikoa, Europako kanpo zein barne mugetako migrazio politiken gogortzea eta militarizazioa, edota giza eskubideen alde ari diren harrera sareetako boluntarioen kriminalizazioa salatuko dute. Harrera Sareko kideak gogoratzen duenez, Bidasoaldeko mugak dira horren adibide garbia. 2018an muga ikusgarri bilakatu zenetik, politika antimigratorioen garapena etengabea izan baita Frantziako estatuaren partetik. «Laborategi baten antzekoa izan da mugalde hau, pertsona batzuentzako bakarrik existitzen da muga hori, Afrikatik etorritako pertsona arrazializatuentzat», dio Harrera Sareko kideak, «kanporaketa ilegalak egiten dira, ia bost urte etengabeko kontrolekin eduki gaituzte, Iparraldea militarizatu dute, eta orain kontrol aleatorioak jarri dituztela ez ditugu hainbeste ikusten, baina orain polizia guztien arteko informazioa kudeatu eta migranteen eskubideak zapuzte aldera dispositibo berri bat martxan jarri dute».
Hain justu, Antxeta Irratian eman genuen joan den astean inteligentzia dispositibo polizial honen berri. Joan den apirilean Bruno Retailleau Barne Ministroak Biriatura egindako bisitan iragarri zuen, otsailean Parisen martxan jarritako Certim polizia taldearen aurreneko hegala Hendaian ezarriko zutela. Honakoa martxan da dagoeneko «legez kanpoko migratzaile sare» deitzen dituztenei buruzko informazio, ibilbide eta metodologiak ikertzeko eta inteligentzia partekatzeko xedez. Oltim Polizia Nazionalaren sekzioaren menpekoa da agentzia berria, hain zuzen ere 2024ko Korrikako ekintzagatik (J'Accuse auzia) ikerketa egin zuen polizia taldearen menpekoa.
Horrenbestez, hau guztia salatzeko, migratzaileen duintasuna eta eskubideak, eta haientzako bide seguruak aldarrikatzeko Mugak Zabalduz karabanak mobilizatzera deitu du Bidasoaldean, uztailaren 12an. Larunbatean 12:15ean Santiago zubi ondoan 2022ko karabanaren karietara ezarritako oroitarrian elkartuko dira. Karabanak bere bidea jarraituko du gero, elkartasunezko giza-katea antolatu baitute Baionako Henri Grenet zubi gorrian, 16:00etan. Eta karabanak Euskal Herrian egingo duen azken geltokia Uztaritzeko Hiribehere auzoan (Lapurdi) izango da 20:30ean, Latsa gelan, apairu eta musika animazioarekin.
Uztailaren 13an Mugak Zabalduz karabanak "Migratzaileen duintasuna eta eskubideen alde" lelopean Pariserako bidea jarraituko du. Izan ere, aurtengoan Mantxako Kanalean, Brexita eman zenetik Frantzia eta Erresuma Batuaren arteko muga bilakatu den Calais-ko mugaraino joango da karabana.