Irunabar Bertsoaren Bilgunea 2008 urtean eratu zenetik bertsolaritza hauspotu nahian dabil Irunen ez ezik, Hondarribian eta Hendaian ere. Eskualdean hainbat ekimen proposatu dituzte urteotan, bertsozaletasuna piztu eta bertsolari gazteei plaza berriak eskaini asmoz beti. Arrakasta handia lortu zuen garai batean Kabigorrin antolatu ohi zituzten gaualdiak, adibidez. Haatik, bertako bertsolariek aukera gutxi dituztela dio Igauri Lopetegi Irunabarreko kideak. Izan ere, «eskualdeko udalek antolatzen dituzten ekitaldietan, eliteko bertsolariak kontratatzen dituzte beti, eta bertakoak uzten gaituzte gure herrian bertan lekuz kanpo», dio.
Zorionez, azken urteetan bertsolaritzak bizi izan duen loraldiaz harago, garai bateko irudi tradizionalaren mugak gainditu, eta emakumezkoak plazak hartzeaz gain, bertsolari gaztearen irudiak lagundu du belaunaldi berriak bertsotan animatzeko ere. «Garai bateko txapeladun gizonaren irudia aldatu da, eta kulturari lotutako ospea lortu du bertsolariaren figurak», Lopetegiren ustez. Baina gure eskualdean, agintarien begiruneak ez du tamainako itzalik. «Gure borondatez egunerokoan egiten dugun lanarekin, uste dugu merezi dugula eta ez zaiola behar besteko atentzioa eskaintzen bertsolaritzari eskualdean, egitan sustatu nahi badute behintzat», argitzen du, «batzuk beuden aurpegia zuritzeko erabiltzen dute, baina aurpegi zuritze horren atzean egia handirik ez dago», kexu da agintariengandik jasotzen duten tratuaz.
Agintarien babes eskasa
Bidasoaldeko erakunde publikoetatik 10.000 euroko dirulaguntza jasotzen du Irunabarrek urtero, hitzartutako ikastaro guztiak justifikatuz gero. Baina mugaz gaindiko eragilea denez, Bidasoa-Txingudi Partzuergoari babes handiagoa eskatzen diote, baita Irungo Udalari ere. Egoitza baten faltan baitira hasieratik, «biltzeko, eskolak emateko, daukagun materiala biltzeko, baina jendartean erreferentzialtasun bat lortzeko ere beharrezkoa dugu lokal finko bat», aldarrikatzen du Irunabarreko kideak.
Baina haien egungo jardueraz gain, bertsolaritzak Irunen dituen figurak balioan jarri nahian dabiltza aspaldi. Iaz Joxe Mari Lopetegi jaio zela 150 urte bete ziren. Eta "errepublika eta euskara" aldarri izan zituen «maila handiko bertsolari eta figura historikoa» izanik, Irunabarrek Bidasoko EKT elkartean kantu-bazkari omenaldia ospatzeaz gain, Irunen haren omenez kale bat izendatzeko eskaera luzatu zioten Irungo Udalari. Hau ukatu egin diete, baina berriz saiatuko direla iragarri du Irunabarreko kideak. Bere ustez, «Irungo bertsozale eta bertsolarientzat Lopetegiren figura bizirik atxikitzea ezinbestekoa» delako. Euskal Herriko beste herrietara joaten baitira bertsolari irundarrak, baina hirian bertan badute itzal aski handiko bertsolari bat. Eta udalak memoria historikoa lantzeko asmorik baldin badu, errepresio frankistaren biktima izan zen Joxe Mari Lopetegi aintzat hartu beharko luketela pentsatzen du.
Eskaera hau ez da bat-bateko burutazio bat. Joxean Elosegi Arregi filologo eta euskara irakasle irundarrak sakonki aztertua baitu. Bere bertso-sortak eta era guztietako dokumentazioa bildu, eta 2004 urtean "Joxe Mari Lopetegi, Errepublikanoen bertsolaria" liburua plazaratu zuen. Gaur bitarte Lopetegi oroitzen, ohoratzen, eta haren bertsoak leitzen eta kantatzen jarraitzeko ahaleginetan aritu dira Irunen. Hala, 2014an Joxe Mari Lopetegiren lana gizarteratzeko "Gure Gogoan" diskoa plazaratu zuten haren kantuetan oinarrituta, eta 2016ko urrian omenezko kantaldia ere antolatu zuten Irunen. 2023ko ekainean, aldiz, "Bertsoak eta bertsolariak Irunen XIX. mendean" liburua aurkeztu zuten Joxean Elosegik berak eta Aitor Errazkin Vicente Irunabar eta Txingudiko Bertso Eskolako kide, eta ikerlari irundarrak.
Tamalez, Irunen uste baino erro sakonagoak dituen bertsolaritzak bere tokia bilatu beharko duen bitartean, urteroko dituzten Bertso Eskolak antolatzeko ere, egoitza bila dabiltza beti. Hainbat elkartek lagatutako espazioetan aritu dira klaseak ematen (Bidasoko EKT, Hendaiako gaztetxea, Jaitzubia auzo elkartea...), eta aurten Irungo AEK euskaltegian eta Larreaundi-Olaberria auzo elkartean ariko dira.
Bertsotan gozatu eta ikasi
Aste honetan ireki dute haiekin aritzeko Txingudiko Bertso Eskola eta Bertso Tailerretan izena emateko aukera. Eskaintza zabala proposatuko dute, baita kitorik eskaini ere. «Guk antolatutako eskolak muxu truk dira, gero halakorik antolatzeko interesa duen elkarte edo ikastetxeetako guraso elkarterik balego hitz egingo genuke», argitzen du Igauri Lopetegik. Haiekin harremanetan jartzeko irunabar@gmail.com edota 688 82 64 33 telefonora deitu behar da.
Aipatu digunez, iaz 8 urte zituen Irunabarrek antolatutako Txingudi Bertso Eskolen ikasle gazteenak, eta 70 inguru edadetuenak. Hala ere, aldez aurretik ez da inolako eskarmenturik behar Bertso Eskolan hasteko, eta adin mugarik ez dago mundu honetan murgiltzeko. «Denok hasten gara ezer jakin gabe», dio Igaurik, edozein kasutan ikuspegi pedagogikotik bertsolaritza tresna eraginkorra dela gogoratuz. Egunotan Eguzkitza eta Toki Alai eskoletan aritu dira motibazio tailerrak egiten, eta aditzera ematen duenez, «haurrek kontzientzia hartzen dutela hizkuntzarekin jolastu daitekeela».
Izan ere, euskarak eta bertsolaritzak bere arauak dituen arren, hizkuntza bihurritu eta gozatzeko aukera ematen duela azpimarratzen du. «Ez dakit zer daukan bertsoak adin horretan, euskarak baimentzen dituela erdaraz seinalatuko genituen irainak, eta ziria sartzea eta far egitea denoi gustatzen zaigu», dio. Horretaz gain, bertsolaritzak eskaintzen duen hizkuntza praktikatzeko eta menderatzeko aukera paregabea oroitarazten du Lopetegik, «pedagogiaren aldetik, ideiak adierazteko eta gainontzeko arte espresioek daukaten sortzeko gaitasun hori antzematen dute, eta askatasun horrengatik gustatzen zaie bertsoa haur eta gazteei».