Migrazio politiken eta mugen bortizkeriaren kontra, 'TxirrindIraultza' edo ‘Vélorution’ ekimena antolatu dute igandean, irailaren 28an, Recycl´Arte, Irungo Harrera Sarea, J´Accuse, Bidasoa etorkinekin, Atelier Vélo Txirrind´ola eta Cimade elkarteek. “Mendi eta ibaien gainetik, eraiki ditzagun loturak” lelopean, 7 kilometroko martxa antolatu dute, eta oinez ala bizikletaz egin daiteke ibilbidea.
Edonola ere, Irunen eta Hendaian «migrazio politika bortitzak eta migranteak laguntzen dituzten boluntarioen kriminalizazioa» salatzeko helburua dutela argitu du Maite Etxeberrik, Cimade elkarteko kideak. Manifestazio klasikotik atera nahi dutela azaldu digu, eta muga zeharkatzeko aprobetxatu nahi dutela, «jendeak ikusi dezala Bidasoa ibaia zein txikia den, eta nola absurdoa den jendea hiltzea hor, eta ez dela Bidasoak migranteak hiltzen dituenak, politika migratorioek eta polizia kontrolek baizik», dio Etxeberrik.
Goizeko 10:00etan Hendaiako herriko etxean hitzartu dira, eta bertatik Irungo udaletxera joko dute, 10:45ean Irungo Harrera Sareak hitza hartuko baitu San Juan plazan egingo duten aurreneko geldialdian. Gero, 11:30ean, Behobia-Pausuko zubian Bidasoa Etorkinekin eta J’Accuse kolektiboaren hitzartzeak izango dira. Etxeberrik oroitarazi duenez, Korrikarekin batera migratzaileak muga korrika pasatzen laguntzeagatik auzipetutako boluntarioak Baionan epaituak izango dira urriaren 7an. «Paperik gabeko pertsonen trafikoa epaitzeko legea aplikatu nahi diete, baina zazpi pertsona hauek boluntarioak dira, eta elkartasuna kriminalizatzen ari dira berriz ere», salatu du Cimade elkarteko kideak. Pausutik Hendaiako komisaria parera joko dute. Horren gibelean dagoen Erretentzio Zentroan paperik gabekoak atxikitzen baititu Frantziako poliziak kanporatuak izan arte.
Cimade elkartearen txanda izango da bertan, Erretentzio Zentroaren funtzionamendua eta frantses estatuak migratzaileen atxikitze epeak luzatzeko gogortu nahi dituen legeak salatzeko. Paper gabeen egoera eta eskubideak are gehiago zailduko dituztela iragarri baitute. Bertan lan egiten duen Cimade elkarteari trabak ezarriko dizkiola iragarri zuen iaz, Bruno Retailleauk garaiko Barne ministroak, eta horren arabera, haien lana Estatuko Immigrazio eta Integrazio Bulegoak hartuko luke bere gain.
Horiek hala, gure eskualdean Espainiako eta Frantziako administrazioek migranteak oztopatzeko baliatzen dituzten neurrien aurrean, boluntario talde sare ezberdinek oinarrizko eskubideen alde egiten duten lanaren aniztasuna erakutsi nahi dutela esan digu Etxeberrik. Eta geldialdi bakoitzean eragile bakoitzak bere egoera azaltzeko eta aldarrikatzeko aukera izango du. Martxa Hendaiako Kaneta Portuan amaituko dute, eta oinez ala bizikletaz, aldarrikapenak giro alaitsuan egin nahi dutela iragarri dute.