Gorka Laurnaga

“Erakutsi dugu mobilizatzen garenean, gauza handiak lortzen ahal direla eta pixka bat izitu badira, herri oso bat karrikak berotzen ari zelako da”

Paola Oskoz 2025eko irailaren 26a

Aroztegia Elkartasun Komiteak Nafarroako Auzitegi Nagusiak argitara emandako epaiaren balorazioa egin du. Kartzela zigorra sahiestea argia bada ere, itzaletan gelditzen dira oraindik ere pagatu beharreko isun ekonomikoak. Honi guztiari aitzin egiteko, orain artekoan bezala, herri oso baten elkartasuna izanen da mugarri. Hori baita epai honetan ospatu beharrekoa, herri oso bat mugitu ahal izan dutela, injustizia bat salatzeko. 

Nafarroako Auzitegi Nagusiak pasa den ortziralean, irailaren 19an, argitaratu zuen Aroztegiko zazpi auzipetuen kontrako epaia. Kartzela zigorrik ez, baina isun ekonomikoak ezarri dizkiete, lehen sententzian, zazpi herritari horiei. Aroztegia Elkartasun Komiteak epaia baloratu zuen eta garaipen txiki baten moduan hartu, Euskal Herriko bertze borroka eta desobedientzia ekintzetarako aurrekari bat izan zitekeena sahiestu egin dutelako. Itzalak ere baditu epaiak euren ustetan, isun ekonomikoak ordaintzera behartuak baitaude auzipetuak eta urteetan luzatu eta luzatuko den aferak kalte psikologiak ere eragin dituelako, ez soilik zazpi horien artean, baita beraien inguruan ere. Edonola ere, orain artean erakutsi duten elkartasunarekin eginen diote aitzin hemendik aurrera egin beharreko edozein mugimenduri. 

Auziaren epaia hedabideetara zabaldu zen lehenago, zazpi auzipetuenera baino. Gorka Laurnaga Aroztegia Elkartsun Komiteko kideak azaldu duenez, hau epaitegiaren hamaikagarren trikimailua izan zen: “Lehenago edo aldi berean jakin zuten hedabideek auziaren epaia. Ez da kasualitatea. Epaiteagiek errelatoa kontrolatzeko erabili duten hamaikagarren trikimailua izan da. Alderantziz izan balitz, guk gure balorazioa eginen genukeen, baina horrela berea argitaratu zen lehenago”. Egun batzuen ondotik, Komiteak bere balorazioa plazaratzeko prentsaurreko jendetsu bat eman zuen Elizondoko Iriarte pilotalekuan eta bertan, epaiak “argi-ilun anitz” dituela aitortu zuten. Laurnagak ere horrela dio: “Epai honek baditu bere argi eta itzalak. Pertsonalean, buruan eman behar ziguten tiroa sahiestuko dugula dirudi, baina tiro hori bera bertze leku batean emanen digute”. Edonola ere, “ospakizun bat da” taldearentzat “talde kriminalaren izendapena eta kartzela zigorra sahiestea, baita 43 milioi euroko kalte ordainak eragoztea ere”, nahiz eta oraindik soilik lehen sententzia den eta ez den definitiboa bertan azaldutakoa. 

Alde batetik beraz, pozik dago Komitea lortutakoarekin, ez soilik kartzela zigorra sahiestuko dutelako zazpi auzipetuek, baizik eta “aurrekari bat izan zitekeelako gainerako mugimendu eta desobedientzia zibiletarako”, Laurnagak azpimarratu duen moduan. “Ikusirik zein sistema injustutan gauden eta zein epai injustua den, bada zerbait”, gaineratu du. Hala ere, kartzela zigorra sahiesteagatik, administrazio publikoari isun ekonomikoak ordaintzera behartuta daude auzipetuak, guztira 62.000 euro ingurukoak izanen direnak. “Urte bat eta hamar hilabeteko hertsapena jarri digute eta kartzelaren ordez, isun ekonomikoak ordaindu behar ditugu”, adierazi du Komiteko kideak. Hau guztia itzala da Laurnagarentzat, “epaitegietan eseriak egon behar liratekeenak enpresako ordezkariak” direlako, “egin dituzten gauza ilegal guztiengatik”. Edonola ere, kideak ez du ahazten epaia ospatu behar denik: “Enpresarendako kalte handia da hau eta hori ere bada argia guretzat. Berriz ere diru publikotik aberasteko aukera zailtzen zaio eta badirudi aukera ere galduko duela”. 

Isun hauei, orain arteko guztiei bezala, elkartasunarekin erantzungo die Aroztegia Elkartasun Komiteak, hori baita epai honetatik ateratako argi izpietako bat. Laurnagak adierazi duenez, “herri oso baten kontrako zigorra izan da eta herri oso baten erantzuna egon da hor. Alimaleko elkartasuna izan da beti auzi honetan, bai Iruñeako manifestazioan, baina baita Baztanen egunerokoan somatzen duguna ere”. 2021ean makinen aitzinean jartzeagatik, 56.000 euroko kalte ordaina pagatzera behartuak izan ziren zazpi auzipetuak eta orain, gutienez, bertze 62.000 euro ordaindu beharko dituzte. Laurnagak onartu duenez, “zaila da zifrez solastatzea. Abokatuak, gureak eta beraienak, eta helegiteak kontuan hartu beharko dira. 80.000 euro izan daitezke, baina baita aise gehiago ere. Edo sorpresetan sorpresa handiena hartuta, gutiago”. Edonola ere, “milaka euro andana bat bildu beharko” dutela aurreikusi du Komiteak eta ziur daude jendearen borondatearekin hoi guztia lortzeko aukera izanen dutela. 

Horrela, mobilizatzen segitu beharko dutela segurtatu du Gorka Laurnagak: “Heldu den astean batzarra eginen dugu erabakiak hartzeko eta ikusteko jendea nola aktibatu eta nola has gaitezkeen diru bilketarekin. Ospatzeko tartea ere hartuko dugu noski, gure txikitasunean kontent gaudelako egin dugunarekin eta Aroztegira joanez gero, berde-berde dagoelako orain”. Aroztegiko obrak geldirik badaude ere, afera oraindik bizi-bizi dago. Laurnagak aitortu du ez dakitela zeintzuk izanen diren hemendik aitzinerako pausu edo epeak: “Gure partetik helegitea jartzea zentzuzkoa den edo ez baloratu behar dugu. Bertzetik, uste dugu enpresak ia segur helegitea jarriko duela eta honek bertze prozesu bat irekiko luke. Ez dakit zenbat denbora izanen den hori, baina bederatzi hilabete luzatu daiteke bigarren sententzia atera bitarte. Hori Nafarroako Auzitegira pasatuko litzateke eta hor bertze helegitea jartzea posiblea da, Madrileraino joan arte, Auzitegi Goreneraino. Uste dugu hori ez dela probablea, baina prozesu luze bat izanen da oraindik”.

Hau guztia guti balitz, Laurnagak jakinarazi du UGEPa martxan dagoela 2035era arte eta horren erantzunkizuna Nafarroako Gobernuarena dela, baita bertan dauden zenbait alderdi politikoena ere. “2035era arte enpresa bat etor daiteke zerbait egitera Aroztegira eta horren erantzunkizuna Nafarroako Gobernuarena da, baita bertan dauden PSN, Geroa Bai eta PP alderdi politikoena ere. Herri batean gainetik pasatu dira eta herriak, protestekin, ahalik eta modu demokratikoenean, erantzun du”, erran du Komiteko kideak. Argi eskatu dio Nafarroako Gobernuari beraz, “ez ezkutatzeko” eta “UGEPa bertan behiti uzteko”, Baztani bueltatuz beraien lurren eskumena. 

Gorka Laurnagak, balorazioa borobilduz, epaia “irabazi” dutela ere onartu du edo bederen “enpresak ez duela irabazi”. Duintasunez aitzinera eginen du herriak, orain arte bezala, elkarrekin: “Herria kalera atera ez balitz, epaia arras desberdina izanen litzateke. Mezu garbia utzi du honek guztiak, borrokak balio duela. Erakutsi dugu mobilizatzen garenean, gauza handiak lortzen ahal direla eta pixka bat izitu badira, inolako frogarik ez zegoela kontuan hartzeaz gain, herri oso bat karrikak berotzen ari zelako da, injustizia hau salatzen”.