Bidasoaz bi aldeetako langileen zalantzak argitzeko «Leihatila Bakarra» bi egunez

Koldo Nausia 2025eko urriaren 27a

Gure eskualdean 3.863 pertsonek gurutzatzen dute muga egunero lanera joateko. Eta haien zein enpresa askoren zalantzak argitzeko, azaroaren 17an eta 18an, "Leihatila bakarra" izateko asmoa duen Empleo topaketa antolatu dute bigarrenez. Hendaiako Euroeskualdearen egoitzan egingo dute eta empleo-info.eu atarian hitzordua eskatu behar da aurretik. Mugaz gaindiko lan mugikortasuna garatzeko, koordinazioa indartu nahi duten Gipuzkoa, Nafarroa eta Akitaniako administrazioek.

Azaroaren 17an eta 18an Euroeskualdearen Hendaiako egoitza mugaz gaindiko langile eta enpresentzako "Leihatila Bakarra" bilakatuko da bigarren urtez. Euskadi, Nafarroa eta Akitaniako gobernuek lan merkatua sustatzeko helburuarekin mugaz gaindiko lankidetza 2016. urtean ekin ziotenetik, hainbat urrats eman dituzte. Eta 2019an mugaz gaindiko langileen zalantzak argitzeko aurreneko saiakera egin ondotik, iaz 150 herritarrek parte hartu zuten "Empleo" izeneko topaketan.

"Lanean" europar proiektuaren baitan, enplegu eta lan merkatuan inplikatutako mugaz bi aldeetako administrazio publiko guztiak bat egingo dute bi egunez, herritarrei «galdera zehatzak, egokiak eta fidagarriak» emateko. Iazko topaketan jubilazio eta pentsio eskubideak, fiskalitatea eta osasun zerbitzu eskubideei buruzkoak izan ziren egindako kontsulta gehienak.

Hauekin bezala, langabezia, lan bilaketa edota prestazio sozialei buruzko informazioa behar duten herritar eta enpresei zuzenduta, aurten ere «zalantzak argitzeko, eta erantzun egokia eta koordinatua emateko helburuarekin» azaroaren 17an (9:00etatik 17:00etara) eta 18an (9:30etik 14:00etara) bigarren edizioa antolatu dutela aditzera eman du Europako Gaietarako Eusko Jaurlaritzako zuzendariak Mikel Anton Zarragoitiak. Bere homonimoak diren Nafarroako Gobernuko Sergio Perez Garcia eta Akitania Berria eskualdeko Mugazgaindiko Kooperazio kontseilari Mathieu Bergék eman dute topaketa hauen berri, eta mugaz gaindiko zalantzak dituzten herritarrak bertan hitzordu partikularrak eskatzera animatu dituzte.

Izan ere, lan merkatuari lotuta, erakunde publikoen helburua da «administrazio bakoitzaren bulegoz bulego jo beharrik izan gabe, mugaz gaindiko langileek euren zalantzak espazio berean argitu ahal izatea». Dagoeneko empleo-info.eu atarian eska daitezke hitzorduak. Diotenez, «eskaera sozial baten beharra asetzeko eta eskualdea eraikitzeko estrategikoa da halako zerbitzu bat ematea, eta eragile guztien arteko mobilizazioa ezinbestekoa, administrazioek enplegu arloan dituzten eskumen eta zerbitzuen asimetria gainditzeko». Hartara, administrazioen kooperazioa, koordinazioa eta lankidetza bultzatzen duen Empleo proiektuak 2,7 milioi euroko aurrekontua du, POCTEFA diru funtsek %65 batean diruztatuta, eta 2029 urtera bitartean administrazioen arteko lankidetzan sakontzen jarraitzeko borondatea dute.

Lan merkatu txikia

Joan den astean, egitasmo honen baitan, Ficoban antolatutako Enplegu Egunean 400 lan elkarrizketa egin zituzten bertan bildutako sektore anitzeko mugaz gaindiko jarduera ekonomikoa duten 50 bat enpresa. Hala ere, Zarragoitiak aurreratu duenez, «proiektua ez da enplegu foroak antolatzera edota informazioa eskaintzera mugatzen, instituzioen mugak identifikatu eta herritarren beharrak asetzeko sarea indartu beharra dagoelako».

Alde horretatik, azaroaren 17 eta 18ko topaketak «leihatila bakarraren zerbitzua» eskaintzeko ez ezik, administrazioen arteko koordinazioa lantzeko balio du. Mathieu Bergek aitortu du «legedia ezberdinek sortzen dituzten oztopoak gainditzeko, oraindik injenieria politikoa eta administratibo handia egin beharko dela», baina gaur egun Euroeskualdearen baitan hiru ardatzetan oinarritzen ari dira, mugaz gaindiko lan merkatua mobilizatzeko: enplegua, hizkuntzen erabilera (euskara, frantsesa eta gaztelania) eta garraioa.

Gaur egun Euroeskualdeak dauzkan datuen arabera, 3.863 pertsona daude egunero lanera joateko muga gurutzatzen dutenak. Eta hau Europako muga eremuetako beste eskualde batzuekin alderatuz, kopuru txikia dela azpimarratu du Mathieu Bergek. «Gure eskualdean gehiago da etxebizitzaren prezioak bultzatuta erresidentzia hautuari lotutako mugaz gaindiko langilea, lan merkatuak bultzatuta mugaz gaindi izatera pasa direnak baino», argitu du Akitaniako kontseilariak, izan ere «gaur egun mugaz bi aldeetan PIB edo BPG antzekoa da, Frantzia eta Alemania edo Suitzako lan merkatuarekin alderatuta, soldataren aldeak hemen ez du interes berezirik sortzen». Bestalde, hizkuntzaren erabilera mugak ere mugaz gaindiko lan mugikortasuna oztopatzen dutela identifikatu dute. 

Datozen hilabeteetan lan sektore ezberdinetan mugaz gaindiko mugikortasunak duen eraginaren diagnostikoa iragarri dute. Baina une honetan dituzten datuen arabera, Ipar Euskal Herritik Hego Euskal Herrira doazen langileen gehiengo batek zerbitzuen sektorean lan egiten duen bitartean, Gipuzkoa edo Nafarroatik Iparraldera egiten duten langileek eraikuntza sektorean egiten dute lan gehienbat. 

OHARRA: Azaroaren 17an eta 18an parte hartuko duten adminsitrazio eta erakundeak hauek izango dira. Enplegua eta langabezi prestazioei buruz France Travail, Espainiako Sepe, Euskadiko Lanbide eta Nafarroako SNE zerbitzua; Osasun zerbitzuei buruz Frantziako Amelie, CPAM eta Espainiako INSS; Gizarte familia laguntzei buruzko Frantziako CAF, Espainiako INSS, Lanbide eta Nafarroako Gizarte Eskubideen Saila; Lan ikuskaritzako Frantziako URSSAF eta CPAM, eta Espainiako TGSS erakundeak; zerga eta inpostuei buruz gauzak argitzeko Frantziako DGFIP, Espainiako Agencia Tributaria eta Nafarroa zein Gipuzkoako Foru Ogasun erakundeak; edota erretiro-pentsioen arloko La Assurance Retraite, Carsat Aquitaine eta Espainiako Seguridad Social erakundeak.