Etxebizitza politika indartzeko aurrekontua %14 emendatuko du Eusko Jaurlaritzak, baina Bidasoaldean epe laburreko soluzio gutxi aurreikusten ditu

Antxeta Irratia 2025eko azaroaren 5a

Gipuzkoa izango da 2026an etxebizitza politiken indartzearen inpaktu handiena izango duen lurraldea, 1.672 etxebizitza ariko baitira eraikitzen, eta 666 etxebizitza berri eraikitzen hasiko dira, horietatik 36 Irunen. Hondarribian Presa I eremuko 66 alokairu sozialeko etxebizitzen giltzak emango ditu Alokabidek kudeatuta. Eraikuntza proiektu berriei dagokienez, Irungo San Migel-Anaka eremuan 437 etxebizitza eraikitzen hasteko proiektua martxan dela oroitarazi du Denis Itxaso sailburuak. 

Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarreko Etxebizitza Batzordean, sail honen 2026 urteko aurrekontu-proiektua aurkezteko. Haren hitzetan, kontu horiek «Eusko Jaurlaritzaren lehentasunen erdigunean jartzen dute etxebizitza, eta plan integrala da, erronkari aurre egiteko prest dagoena». Sailburuak azpimarratu du, etxebizitza «ezin dela pribilegio bat izan Euskadin». Hartara, Etxebizitza Legeak aitortzen duen eskubidea dela nabarmendu du, eta «gizarte-ongizaterako euskal sistemaren oinarri» izan behar duela gogorarazi du Itxasok.

Alde horretatik, sailburuak «Euskadik etxebizitza eraikitzeko duen erronka izugarriari erantzuteko baliabide pribatuak palanka-efektu gisa erabiltzeko» beharra dagoela adierazi du, baina Eusko Jaurlaritzak, Alokabide eta Visesa sozietate publikoak ahaleginetan ari direla azpimarratu du. Izan ere, heldu den urtean hiru erakunde hauen artean 596,1 milioi euroko aurrekontu bateratua izango dute, 2025ean baino %14 gehiago. Eta Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren aurrekontua 502,2 milioi eurokoa izango da, hau da, aurreko ekitaldikoa baino % 11,2 handiagoa.

Argitu duenez, Europako MRR funtsak (60,1 milioi) kenduta, baliabide propioak %37 haziko dira, 322,5 milioi eurotik 422,1 milioi eurora pasatuz. Eta baliabide horiei Etxebizitzaren Funts Sozialari 20 milioi euroko hasierako ekarpena gehituko diote.

Bestalde, sozietate publikoek Plan Integralean duten funtzioa ere indartuko dute. Visesak 140,2 milioi izango ditu (39,6 gehiago), eta 2026ko kontratu-programaren bidez 788 etxebizitza eraikitzeko aukera emango du. Alokabidek, aldiz, 146,5 milioi euro izango ditu (% 22,5 gehiago), eta Bizigune eta Gaztelagun bezalako programak indartzeko aukera emango du. Guztira, 2026ko aurrekontuak alokairu eskuragarriko 7.000 etxebizitza baino gehiago izateko oinarriak finkatzen dituela dio Itxasok, eta horien erdia 36 urtetik beherako gazteentzat izango dira.

Bizigune programaren kasuan, zehazki, etxebizitza hutsak alokairu eskuragarrira bideratzekoak, 41 milioi eurotik 50,2 milioi eurora igoko dute aurrekontua (% 22,4 gehiago). Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren helburua da 8.400 etxebizitza aktibo eta guztira Alokabidek kudeatutako 19.000 etxebizitza lortzea.

Irun-Hondarribiko etxebizitza beharra

Etxebizitzaren erronka handia dela aitortu du Denis Itxasok, eta Etxebizitza Gune Tenkatua diren udalerrien zerrenda emendatzen doan honetan, Bidasoaldean Irungo Udalak 2025 honetan izendapena lortu badu, Hondarribiko Udalak gauza berbera eskatzeko lehen lan-bilera egin zuen urrian Igor Enparan alkateak Denis Itxasorekin Hondarribian, sailburuak Visesak Presa I eremuan sustatutako 66 alokairu sozialeko etxebizitzen obrara egindako bisitan. 

Baina 2026 urteko aurrekontuei begiratuz gero, zenbat bideratuko du Eusko Jaurlaritzak Irun-Hondarribira herritarrek bizi duten etxebizitza premiari erantzuteko?

Denis Itxasok iragarri duenez, Gipuzkoa izango da 2026an inpaktu handiena izango duen lurraldea, 1.672 etxebizitza ariko dira eraikitzen eta 666 etxebizitza berri eraikitzen hasiko dira, horietatik 36 Irunen. Bestalde, Gipuzkoako bultzada horri gehituko zaizkie beste 184 zuzkidura-bizitoki, Lezon (52) eta Donostialdean eta Eibarren. Eta horrez gain, beste 822 etxebizitza daude dagoeneko martxan jartzeko proiektuekin. Horietatik 437 Irungo San Migel-Anaka eremukoak. Hondarribian, aldiz, Presa I eremuko 66 alokairu sozialerako etxeak dira 2026an entregatuko dituzten bakarrak.