VISESA sozietate publikoak 2026ko irailean Alokabideri eman nahi dizkio etxebizitzak, eraikuntza lan guztiak behin amaitutakoan. Epe hori eman dute gaur Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak eta Igor Enparan Hondarribiko alkateak bertara egindako bisitan. Eta dena ongibidean, alkatearen ustez «2026 urte bukaeran herriko 66 familik alokairu duin batean bizitzeko aukera izango dute».
Hala ere, ez da babes publikoko etxebizitza promozio hauek amaitzeko udalak eta Lakuak ematen duten lehen data. Gogoratu behar baita, Eusko Jaurlaritza, VISESA eta Hondarribiko Udalaren lehen hitzarmena 2018koa izanik, nahi baino beranduago garatutako proiektua dela, orain, bere azken fasean aurkitzen dena. 2021eko abenduan garaiko alkate zen Txomin Sagarzazuk iragarri zuen jada, 2024 urterako eginak egongo zirela.
Gerora ordea, 2024ko urtarrilean hasi zituzten eraikuntza lanak. Haatik, obra arduradunak gaurko bisitan jakinarazi duenez, kanpoaldeko hormak prefabrikatuak direnez, eraikuntzaren epeak azkar joan dira.
Aldaketa eta zailtasun ugari
Igor Enparan alkateak gogoratu du bidean zailtasun ugari gainditu behar izan dituela proiektuak. Hasiera batean, 2018ko azaraoren 14an izenpetutako hitzarmenak jasotzen zituen 117 etxebizitzak egin beharrean, azkenean 66 dira, denak alokairu sozialera bideratuko dituztenak. Eta proiektuak lurpeko hiru solairuko aparkaleku bat aurreikusi zuen bitartean, azkenean, soto azpiko solairu bakarra egin dute, eta 66 bizilagun berrien aparkaleku beharra asetzeko, 55 plazako azaleko aparkaleku bat egingo dute errepide nagusiaren aldera.
Batetik, Hirigintza Plan Orokorra (HAPO) baliogabetu izanak «proiektua geldiarazi zuen», eta bestetik, bertan egindako azterketa geoteknikoek ondorioztatu zuten gerora, lurraren ezaugarriengatik lur azpiko aparkalekuen proiektua murriztu behar zela. Horrek, eraikuntza gastuak estaltzeko zailtasunak eragin zituen, eta proiektua sobera garestitzen zuenez, 66 etxebizitza eraikitzea erabaki zuten.
Nolanahi ere, 13 milioi euroko inbertsioa eskatu duen proiektua oso berri ona da Igor Enparan alkatearen arabera, herriak duen etxebizitza publikoen defizita arintzeko. «Hondarribiak aspaldi duen beharrari erantzungo dio, eta beharra duten familia guztiei erantzungo ez badie ere, ortzi-muga baten lehen urrats bat da, garrantzitsua», azpimarratu du.
Era berean, erakundeen arteko lankidetza goraipatu dute, bai alkateak, baita Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak ere. Bidenabar, Biteri eskola pareko lursaila lagatzeaz gain, obra proiektuaren %15 (1,5 milioi euro gehienez ere) Hondarribiko Udalak diruztatu baitu. «Lagungarria izateaz gain, beste udalerri batzuetan ere eredugarri izan daiteke», adierazi du Itxasok, «etxebizitzaren arazoarekin udalak duen konpromisoaren seinale baita, eta proiektua azkartzen lagundu du».
Kontsumo urriko etxe modernoak
Bestalde, Europako funtsetatik diruz lagundutako proiektua dela gogoratu du Etxebizitza sailburuak, eta eraikuntza modernoak direla nabarmendu du. «Ondo eraikiak daude, teknologia berrienarekin, eta bertan biziko diren hiritarrak berehala ohartuko dira energia kontsumo oso txikia duten etxebizitzak direla», azpimarratu du. Hauen kontsumo osoa elektrikoa izango da, eta eraikinaren goiko aldean (teilatuaren zabalgunean) eguzki-panelak instalatuko dituzte energia-berriztagarrien aldeko apustua eginez.
Guztira 66 etxebizitza izango dira, denak alokairu sozialean Alokabidek kudeatuko dituenak. Horietatik 51 bi logelatagoak, eta gainerako 15 etxebizitzak hirukoak izango diren bitartean. Bestalde, eraikinaren behealdean bi lokal komertzial edota zerbitzuetarako izango ditu, eta VISESAk hauen erabilera edo salmenta eskubideekin egindako inbertsioaren parte bat berreskuratu nahi du. Hondarribiko Udalak lokal hauek jabetzan edo erabilera eskubidean eskuratzeko lehentasuna izango du.