Bideoak

Eguberri lasai eta osasuntsu baterako bost aholku

Aimar Lopez 2025eko abenduaren 22a

Eli Gallego nutrizionistari heldu diren egunei begirako hainbat aholku eskatu dizkiogu, eta bat baina gehiago harrituko da akaso, baina ongizatea eta lasaitasuna lehenesteko dio: norberaren lasaitasuna, eta ondokoena.

Bere gorputzean arrunt eroso ez denarentzat ez dira ez garai onenak heldu diren aste hauek. Dieta eta ez-dietak, jan behar omen ez direnak eta gehiegi jaten omen direnak, eta batez ere, begiradak: horiek izaten dira tripan, buruan, eta alde guztietan eguberri eta urtats inguruan.

Hala, mahai inguruan lasaiago ibiltzeko, bost aholku eman ditu Eli Gallegok:

1. Ez izutu: ez dira hainbeste otordu

Abenduak eta urtarrilak 30na egun dituzte, eta otorduak bospasei inguru dira. Ez da hainbertze. Pentsatu nolakoak izanen diren hauek, eta esperientzia txarrik badugu, saiatu horiek saihesten, eta ezin bada, mentalizatzen eta estrategiak pentsatzen.

2. Janaria ez da ez zigor ez sari

Ez ibili lehenagoko asteetan gutxiegi jaten edo kirol gehiegi egiten. Disfrutatu otorduetako platerekin, eta lixto.

3. Ohiturak aldatzeko edozein momentu da ona

Dena ez da urtarrilak 1ean edo urtarrilak 7an aldatu behar: elikadura edo bizitza ohiturak aldatzeko beharra duzula sentitzen baduzu, urteko edozein egun da ona aldaketak hasteko. Egun hauetan, lasai, badugu-eta buruan aski gauza.

4. Soberakinak probestu!

Zure etxean senideak eta lagunak hartzen badituzu, edo bertze etxeetara bazoaz, atxiki otorduetako soberakinak, eta bazkari eta afari goxo eta nutritiboak egin, barazkiak nahasiz edo zopak prestatuz.

5. Besteen gorputzak besteenak dira: egon isilik!

Dietaren kulturak edozertaz eta edonori buruz mintzatzeko eskubidea dugula sinistarazi digu. Baina ez, zure senide, lagun edo lankideen gorputzak haienak dira, eta ez dugu zertan iritzirik izan eta are gutxiago eman gorputz horiez. Gozatu besta hauez eta utzi bertzeei gozatzen!