Txinzerreko langileek greba mugagabera joko dute bihar negoziazioan aurrerapausorik ez dagoelako

Koldo Nausia 2026ko otsailaren 10a

Otsailaren 4an zuzendaritzarekin bildu ziren ekainaz geroztik aurreneko aldiz, bai a «negoziatzeko bileren egutegia zehazteko bilera» besterik ez zela izan aditzera eman dute langileen ordezkariek. «Modu arduragabean» jokatzen ari dela leporatzen diote zuzendaritzari. Eta gatazka bideratzeko erantzukizuna, Irun eta Hondarribiko udal talde politikoen ordezkariek osatzen duten enpresako Administrazio Kontseiluaren esku ere dagoela gogoratu dute. 

Txingudiko Zerbitzuetako (Txinzer) greba batzordeak jakinarazi du otsailaren 11tik aurrera greba mugagabea hasiko dutela. Joan den udaberriaz geroztik aldarrikatzen duten lan hitzarmen kolektiboaren negoziazioan aurrerapausorik eman ezean hala egingo zutela iragarri zuten urtarrilaren 28an San Juan plazan egindako agerraldian. Eta lan gatazka hasi zenetik, orain artean, 30 lanuzte eta greba egun egin ondotik «beste alternatibarik ez» dietela utzi aditzera eman dute.

Lantaldearen aldarrikapen nagusiak lantzeko negoziaketa-mahaia martxan jartzeko eskatu dute behin eta berriz, eta haien soldata Irungo Udal langileenarekin parekatzea exijitzen dute. ELA sindikatuko langileen ordezkari Alaitz Eguiazabalek argitu duenez, azken urteetan erosteko ahalmena %16 batean galdu dute, eta honen berreskurapena eta KPIari lotutako soldata-igoerak eskatzen dituzte. Izan ere, «lan nekeza, arriskutsua eta toxikoa» egiten duten beharginek urtean 28.000€ko ordainsaria jasotzen duten bitartean, FCC enpresari azpikontrataturiko langileek 33.000€ko soldata dute lan funtzio bertsuak egiteko.

Greba batzordeak salatu du «enpresaren zuzendaritzak ez duela proposamen zehatz bakar bat ere aurkeztu». Eta azken Administrazio Kontseiluaren bileraren ondoren, egoerak bere horretan jarraitzen duela. Otsailaren 4an, hitzarmena negoziatzeko ekainaz geroztik egindako aurreneko bilera egitea lortu zuten zuzendaritzarekin. Ekainean langileen komitea mahaitik altxatzea erabaki zuen «errespetu falta» deritzoten lehen proposamenean zuzendaritzak «hutsaren hurrengoa» eskaintzen ziela ikusita. Joan den astekoan, aldiz, «negoziatzeko bileren egutegia zehazteko bilera» besterik ez zela izan aditzera eman dute langileen ordezkariek.

Alde horretatik, enpresak Lanpostuen Balorazioa (LPB/VPT) egin du, eta langileen aldarrikapenak aintzat hartu beharrean, «urtean 2.000€ gutxiago kobratu beharko luketela» jakinarazi diete. Greba batzordeak dio, Txinzerreko zuzendaritzak ordezkaritza sozialari hamar eguneko epean LPB bat egitea eskatu diola, Txinzerren baliabideekin kontratatutako kanpo-enpresa batek bi urte baino gehiago daramatzanean balorazio hori egiten, aipatutako «emaitza onartezinekin».

Leire Zubitur buru duen zuzendaritzari «modu arduragabean» jokatzen ari dela leporatzen diote, baina langileen ordezkaritza sozialak bere esku dagoen guztia egingo duela hitzeman du. Hartara, «zuzendaritzak benetako negoziazioari uko egiten dion jarreraren aurrean» plantillak greba mugagabeari ekitera behartuta ikusten du bere burua. Gatazka honen konponbidearen erantzukizuna Txingudiko Zerbitzuetako zuzendaritzaren eta enpresako Administrazio Kontseiluaren esku dagoela gogoratu dute, eta bertan Irun eta Hondarribiko udal talde politikoetako ordezkariak daudela. 

Hain justu, joan den astean EH Bildu eta Irungo Elkarrekin Podemoseko ordezkariek langileen aldarrikapenak babestu, eta zuzendaritzari negoziatu dezala eskatu zioten publikoki. 

Antxeta Irratiak Txingudiko Zerbitzuetako zuzendaritzari egoeraren berri eman dezan eskatu badio ere, ez du lan-gatazkari buruz edo hau bideratzeko asmoen berri emateko ote duen erantzunik jaso.