Zuzendaritzak negoziatu ezean greba mugagabera joko dute Txinzerreko langileek

Koldo Nausia 2026ko urtarrilaren 28a

Txinzerreko langileen erosahalmena azken urteetan %16 apaldu dela, eta baliokideak diren FCC udal azpikontratako garbitzaileek baino ia 5.000 euro gutxiago kobratzen dutela gogoratu dute. Ekainean zuzendaritzak «hutsaren hurrengoa» eskaini ondoren, urritik 23 eguneko greba egun egin dituzte. Baina enpresak «akordiorik lortzeko benetako asmorik ez» duela salatzen dute. Negoziatu ezean «greba mugagabera jotzea alternatiba besterik ez» dutela izango iragarri dute, eta Irungo zein Hondarribiko agintarien inplikazioa exijitu dute.

Txinzer enpresako greba batzordeak enpresako zuzendaritzak Lan Hitzarmen Kolektiboa negoziatzeko borondaterik ez duela salatu du. Gaur Irungo San Juan plazan egindako agerraldian aditzera eman dutenez, joan den udaberriaz geroztik saiatzen ari dira euren lan baldintzak duintzen, baina ekainean izan zuten orain arteko negoziaziorako bilera bakarra. Langileen Komitea mahaitik altxatzea erabaki zuen orduan «errespetu falta» deritzoten lehen proposamenean zuzendaritzak «hutsaren hurrengoa» eskaintzen ziela ikusita. 

Urrian elkarretaratzeekin eta bi orduko lanuzte deialdiekin hasi eta gero, 23 greba egunen ondotik negoziazioa blokeatua jarraitzen du, eta Irungo eta Hondarribiko herritarrentzako esentziala den hondakinen kudeaketa eta ur-saneamendu eta hornidura zerbitzua bermatzen duten beharginen lana balioan jartzeko exijitzen dute. Alaitz Egiazabal, Txinzerreko langileen ELAko ordezkariak argi du egoeraren zergatia: «zuzendaritzak ez du benetako asmorik akordiorik lortzeko».

Lanaren tamainako soldata duina

Baina azken urteetan Txinzerreko langileek 16 puntu baino gehiago galdu dituzte soldataren erosahalmenari dagokionez, eta salatzen dutenez, enpresak ez du inolako neurririk hartu egoera hori zuzentzeko. Enpresa edo sozietate publiko bat dela oroitarazi dute, eta alde horretatik, Irungo eta Hondarribiko udal agintari eta alderdi politikoak interpelatu dituzte, Txinzerreko langileekin duten ardura gogoan hartu dezaten, eta lan gatazka honi aterabide bat bilatzeko inplikatu daitezen exijituz. «Udalen mendekoa bada ere gure soldatak udal langileenak baino askoz ere apalagoak dira», azaldu du Egiazabalek.

Kontuak atera dituzte, eta Txinzerreko langile batek urtean 28.000 euroko soldata duen bitartean, baliokidea izan daitekeen FCC azpikontratako garbitzaileek 33.000 euro inguruko oinarrizko soldata dute. «Hala eta guztiz ere, zuzendaritzak dio gutariko askok gehiegi kobratzen dugula, eta 2.000 euro gutxiagoko soldata merezi dugula», salatu du grebalarien batzordeko bozeramaileak, Leire Zubitur «zuzendariak lotsarik gabe esaten du hori, non Txinzerreko kudeatzaile gisa soldata 94.000 eurotara igo duen azken urteetan, Irungo alkateak 71.000 eurokoa duenean». 

Negoziazioa ala greba mugagabea

Bien bitartean, Txinzerrek hondakinen-tasa %3 eta uraren tarifikazio sistema berria indarrean ezarri du 2026 honetarako. Bizitza garestitzen dela kontuan hartuta logikoa dela ulertzen dute langileek, baina irizpide bera haiekin aplikatzeko eskatzen dute. «Ulertzen dugu diru arazoa ez dela gure aldarrikapenei muzin egiteko», dio Egiazabalek, eta beraz, «lan baldintzak zero hobetzea ez da aukera bat, negoziatu dezaten nahi dugu besterik ez». Izan ere, negoziatu ezean «greba mugagabera jotzea besterik ez dugu izango alternatiba» iragarri du.

Azaldu dutenez, abenduan zuzendaritzarekin negoziatzeko egutegia finkatu zuten, eta otsaila hasieran finkatu zuen Leire Zubitur kudeatzaileak hitzordua. Zuzendaritzaren «jarrera distantea» salatu dute grebalariek, izan ere, Antxeta Irratiak jakin izan duenez, zuzendariak pantaila baten bidez parte hartu izan du bilera horietan eta ez aurrez aurre. Langileen batzordeak hitzordua aurreratzeko eskatu badu ere ez dute erantzunik jaso.

Haatik, Txingudiko Zerbitzuak-eko Administrazio Kontseilua urtarrilaren 26an biltzekoa zen, eta otsailaren 10era atzeratu dute haien deialdia. Horri begira, tokiko alderdi politikoekin bildu zen grebalarien batzordea joan den astean, eta argitu dutenez, «hainbat alderdik langileen aldarrikapenak babestu egin dituzten bitartean, Txingudiko Mankomunitatean ardura duen PSE-EE oso jarrera hotza adierazi du». Gogoan hartu behar baita, 2023ko abenduaren 27tik Cristina Laborda Albolea Irungo alkatea dela Txingudiko Zerbitzuen Mankomunitateko presidentea.

Txinzerrek 84 langile propio dauzka gaur egun, FCC enpresari azpikontratatutako beharginez gain. Eta horietatik askok "lan penagarria, arriskutsua eta toxikoa" egiten dutela azpimarratu dute. Izan ere, Txingudiko Zerbitzuen historian istripuak gertatu direla nabarmendu dute, baita hiru hildako ere. Horietatik bi gas toxikoak arnastu ondoren, eta bestea iaz zendu zen amiantoak eragindako gaixotasun baten ondorioz.