Tadamum (Txingudiko Sahararen Lagunak) elkartea eskertua azaldu da bidasotarren elkartasun uholdearekin. Izan ere, azken urteetako kanpainarik onena izan da aurtengoa, Irun eta Hondarribiko supermerkatu eta eskoletan.
Maritxu Arbelaitz, elkarteko kideak joan den astean Antxeta Irratian aditzera eman zuen "inoiz baino beharrezkoagoa" zela aurtengo kanpaina. Izan ere, 2020 urtetik Aljeriako Tindufeko kanpalekuetara ACNUR/UNHCR eta Nazio Batuen Erakundeak bideratzen duten laguntza humanitarioa apaldu bada, Espainiako Gobernuak ere, familia sahararrek jasotzen duten elikagai-saskia diruztatzeko laguntza ekonomikoa heren bat murriztu du azken urteetan. Horren ondorioz, kanpalekuetako 175.000 errefuxiatuen osasun egoerak okerrera egin du, eta 5 urtetik beherako haurren erdiak ez du gutxieneko elikadura bermatua.
Kanpaina oparoa Bidasoaldean
Iazko kanpainan Gipuzkoa osoan 40 tona inguru jaso zituzten, eta horietatik 12 Bidasoaldean. 2024 urtekoarekin hobekuntza suposatu zuen horrek, 10 tona izan baitziren orduan. Haatik, aurtengoan Irungo eta Hondarribian iaz baino bost tona gehiago egin dute. Sahararen aldeko elkarteen federazioak aditzera eman duenez, otsaila bukaeran ala martxoa hasieran aurreikusia dute karabana Euskal Herritik abiatzea.
Hala ere, Aljeriako Tindufeko errefuxiatu kanpalekuetaraino ibilbide luzea egingo du janariak. Urtetik urtera oztopo gehiago aurkitzen baitituzte. Iaz bi hilabetez izan zuten janaria geldirik Alacanteko portuan. Eta Aljeriako Oranekoan ere burokrazia ez da erraza. Baina Ilargi Erdi Gorriaren laguntzarekin laguntza guztia banatzea lortzen dute urtero. Maritxu Arbelaitzek azaldu digunez, aurten lehenago banatu ahalko dutela dirudi.
Dena den, janaria biltzeko ez ezik, garraioan ere boluntarioen lanari esker ez balitz nekez lortuko lukete. Euskal Herritik Alakanteko portura bildutako guztia eramateko kamioi zaharrak erabili ohi dituzte, eta DBuseko langile eta gidariek lagundu ohi dute lan horretan.