Maritxu Arbelaitz, Tadamum elkarteko kidea da, eta Oporrak Bakean programaren harrera familia. Haur bat zela jaso zuen bere etxean ume saharar bat aurreneko aldiz, eta heldutan harremana mantentzen dute oraindik. Orduz geroztik, Mendebaldeko Saharako herriak Aljeriako hamadan (basamortuan) bizi duen 50 urteko erbestea hurbiletik jarraitu baitu beti. Eta heldu den udan, Jude jasoko du bere etxean hirugarren urtez. Bere bigarren esperientzia da, baina ongi ezagutzen ditu berak ume sahararrek dituzten beharrak: «ez dute ongi elikatzeko aukerarik han, eta ume asko ez dira hemengoak bezala garatzen», dio Arbelaitzek, «bederatzi urte dituztela etor daitezke, baina ez zenuke esango adin horretakoak direnik, txikiak direlako, eta uda bukaeran sumatzen zaie osasuntsuago itzultzen direla». Udako opor baketsu horiei esker, muturreko beroaldietatik aldendu, PADI sistemarekin hortzetako azterketak pasa eta Osakidetzan osasun frogak egiten dituzte, bi hilabetez ondo elikatu eta ur garbia edateaz gain.
Bere harrerako haurra, Jude, Bojador wilayakoa da. Aita Marokoren aurkako gerran du, eta Aljeriako Tindufeko herritik hegoaldera dauden beste errefuxiatu kanpalekuetan (Aaiún, Auserd, Smara eta Dajla) bizi diren 175.000 sahararrak bezala, laguntza humanitarioari esker bizi da %100. Horrela daramatzate mende erdi, eta egoerak okerrera egin du azken urteetan. «Hobera egiten ez duen egoerak normalean okerrera egiten du, eta tamalez, muturreko egoeran egoteak haien osasunean ondorio batzuk eragiten ditu», azaltzen digu Tadamum elkarteko kideak. «Badakit urtero esaten dugula inoiz baino beharrezkoagoa dela, baina benetan sekula baino premia handiagoa daukala saharar herriak», azpimarratzen du.
Tragedia humanitarioa
Egoera ez dute inoiz xamurra bizi izan. Baina Espainiako Gobernuak Munduko Elikagai Programarentzat bideratzen duen dirulaguntza apaldu ondoren, 2020az geroztik Munduko Elikagai Programak Tindufeko kanpalekuetara bideratu ohi zuen janari-saskia %30 murriztu zuen. Eta urteotan inflazioaren eraginak egin du gainerakoa. «Hemen nabaritu dugu, familia askori zaila egiten zaiola elikadura osasuntsu bat egitea, ba pentsatu han janaria laguntza humanitarioaren kutxetan heltzen zaiela», ohartarazten du. Eta horretan, Munduko Elikagai Programaren bitartez saharar familia bakoitzak jasotzen duen janari-saskia osatzeko, Elikagaien Euskal Karabana ezinbestekoa da.
Edateko ura ere eskasa dute han. Eta kamioi-zisterna bidez jasotzen duten uraren kontsumoa egunean 17 litrotara mugatua dute pertsona bakoitzarentzat, Nazio Batuen Erakundeak gizaki batek egunean gutxienez 25 litro behar dituela aitortzen badu ere. Baina bereziki janaria eskas duten honetan, ugaritzen doazen osasun arazoekin kezkatuak daude sahararren aldeko elkarteetan. Bereziki haur eta emakumeen artean. «Guk ikusi egiten dugu udan datozen haurretan, baina sahararren %70ak elikadura segurtasunik ez du gaur egun, eta haurren kasuan %40ak anemia duen bitartean, 5 urtetik beherako bi haurretik batek desnutrizio egoera pairatzen du», kontatu digu Maritxu Arbelaitzek, «datu horiek aski dira Elikagaien Karabanan nola edo hala parte hartzera bultzatzeko».
Elikagaiak biltzeko egunak
Alde horretatik, azken urteetan bidasotarren elkartasuna eta sahararren aldeko babesa handia izan dela diote. Iaz 40 tona elikagai bildu zituzten Gipuzkoan, eta horietatik 12 tona Irunen eta Hondarribian, 2024an baino bi tona gehiago. Gogoratzen duenez, otsailaren 2an hasi dira eskualdeko eskoletan janaria biltzen, eta astearen bukaeran Gurutze Gorriko bolontarioen laguntzarekin jasoko dute. Baina era berean, ostiralean arratsaldez, eta larunbatean egun osoan Irungo eta Hondarribiko BM, Super Amara eta EROSKIren 17 supermerkatutan elikagaiak biltzen ariko dira.

Bilketa lanetarako 60 bat boluntario behar dituzte txandak bete ahal izateko, eta lagundu nahi duen orok tadamumelkartea@gmail.com helbidera idatzita haiekin harremanetan sar daitekeela gogoratzen dute. Baina bestela ere, arroza edo azukre kilo bakar batekin laguntzera animatu nahi ditu Tadamum elkarteak bidasotarrak. 90.000 bizilaguneko eskualde honetan gehienek hori eginez gero, iazko 12 tonak erraz gaindituko lituzkete eta.
Bilketa kanpaina bukatutakoan, janari guztia sailkatu eta balizatu beharko dute Belaskoenean elkarteak erabiltzen duen egoitzan. Eta Gipuzkoako gainerako elkarteekin federatuak daudenez, Euskal Karabanaren kamioietan eramango dituzte otsaila bukaeran Alacantera. «Horretan ere burokraziak urtetik urtera oztopo gehiago jartzen dizkigu, eta logistika handia eskatzen du», azaldu digu, kamioi zaharretan bada ere, Donostiako DBuseko gidarien laguntza ezinbestekoa dutela nabarmenduz, «gero itsasontziz bidaltzen da Oranera (Aljeria), eta portuan askotan denbora luzea blokeatuta egon ohi da janari guztia basamortuan banaketa egitea lortu arte».
Horrexegatik, hain justu, iraungitzen ez den janaria, eta apurtzen ez diren ontziak eskatzen dituzte elikagaien bilketan: arroza, pasta, azukrea, dilista, babarrun, txitxirio eta lekale lehorrak (beirazko ontzirik ez), atuna eta bestelako kontserbak, emakumeentzako konpresak edota haur txikientzako pardelak, besteak beste.