«Mundu matxista, sexista eta heteropatriarkalaz nazkatuta», igandean kaleak hartzera deitu du M8 Asanblada Feminista Bidasoak

Antxeta Irratia 2026ko martxoaren 5a

Martxa feminista erreibindikatzailea Pausu-Hendaiatik abiatuko da igandean 11:00etan. “Beste Mundu Bat Feminismotik” lelopean, Santiago zubian (11:30) eta Irungo Zabaltza plazan (12:00) geldialdiak egin ondoren, Hondarribiko San Pedro kalean amaituko da 13:00ean. Gaur Hondarribiko Martxoak 8 plazatxoan egindako agerraldian, hiru herrietako eragile feministek beste mundu baten alde eta «dominazioaren aurka» feminismotik antolatzen eta borrokatzen jarraituko dutela hitzeman dute.

Joan den urtean, larunbatarekin egokitu zen Emakumeen Eskubideen Nazioarteko Eguneko manifestazioa, eta 3.000 lagun inguru elkartu zituen San Juan plazan, "Matxismoaren kontra” eta “Faxismorik Ez!" lelopean. Aurtengoan, aldiz, igandez hartuko ditu M8 Asanblada Feminista Bidasoaren martxak eskualdeko kaleak eta plazak. Eta Hondarribiko San Pedro kalean amaituko dute.

Aurtengoan, “Beste Mundu Bat Feminismotik” eraiki daitekeela aldarrikatuko dute, eta igandea denez, jende andana bat batzea espero dute. Antolakuntzak iragarri duenez, manifestazioa goizeko 11:00etan abiatuko da Urruña-Pausuko Charles Pucheu plazatik, eta Behobiko errepide nagusitik aurrera (Hapetenia behea) Hendaiatik Santiago Zubira joko du. Bertan 11:30ean eta Irungo Zabaltza plazan 12:00etan ere, geldialdiak egingo dituzte eragileen hitzartzeekin. Ondoren, martxa feminista erreibindikatzaileak Hondarribira joko du. Aurreratu dutenez, Mendelutik Amutera sartuko da, eta 13:00an San Pedro kalean amaituko dute Sabino Arana kaletik sartuta. Iragarri dutenez, San Juan de Dios plazan (Emeki elkartearen parean) Sustraitik Gozamenera Batukada Feminista batuko da manifestaziora Portua auzorako bidean martxa girotzeko.

M8 Asanblada Feminista Bidasoak martxan parte hartzera eta borroka eta aldarrikapen egun honetaz gozatzera animatu ditu bidasotarrak. Eta ibilbidea luzea izango denez, norberak ahal duen edo egokien duen lekuan bat egin dezan gomendatu dute.