Itziar Varela (Bagera): «Egituren artean lotura egiten eta emakumeen eskubideen alde elkarlanean daramatzagu hainbat urte Bidasoan, baina borondate politikoa eskaxa da»

Koldo Nausia 2026ko martxoaren 2a

Hendaiako Bagera-Nous Somme elkarteak M8 Asanblada Feminista Bidasoak antolatu duen eskualdeko martxan parte hartzera deitzen ditu Biriatu, Urruña eta Hendaiako herritarrak ere. Igandean, 11:00etan, Pausuko Charles Pucheu plazatik abiatuko dira Hondarribirako bidean. Bestalde, martxoaren 7an (19:00) Avant-Propos liburu-dendan emanaldi poetikoa prestatu dute Laetitia Klotz idazlearekin. Eta martxoaren 21an (17:00) "Ari Gitun" gazteen bertso saio feminista antolatu dute Bertsolarien Lagunak eta Borderline Fabrikarekin lankidetzan.

M8 Asanblada Feminista Bidasoak urtero antolatzen duen eskualde mailako martxan parte hartuko du Bagera elkarte feministak. Egunotan Irungo eta Hondarribiko eragileekin bat eginik ez ezik, elkarteak Hendaian bertan antolatu dituen ekimenak prestatzeko lanetan ere begirada jarria du Itziar Varelak. «Egituren artean lotura egin eta emakumeen eskubideen alde elkarlanean daramatzagu hainbat urte eskualdean», dio harro Bagerako kideak. Eta Bidasoaren bi aldeetan ari dira gainera.

Izan ere, 2024ko urrian Pausun ateak zabaldu zituen Emazteen Etxeak ere, egun osoko tailer eta jarduera programa antolatu du martxoaren 7an. Eta hartan parte hartzera ere animatzen ditu eskualdeko emakumeak. Urruñako Herriko Etxearen erabilera anitzeko aretoa du aterpe Ipar Euskal Herriko aurreneko Emazteen Etxeak, eliza parean, frontoi ttikiaren gainean. Eta 60 bat metro koadrotan, misio nagusietako bat biktimak artatzea badu ere, militante feministen arteko saretzea aktibatzea ere bada funtsean.

Beste eskualde bat feminismotik

Hain justu, martxoaren 8an 11:00etan, Pausuko Charles Pucheu plazatik abiatuko da eskualdeko manifestazioa, eta Hendaia, Biriatu eta Urruñako feministak elkartzeko deia luzatu dute. Behobiko errepide nagusitik aurrera (Hapetenia behea) Hendaiatik Santiago Zubira joko du gero, eta bertan 11:30ean hitzartzea egin ondotik, Irungo Zabaltza plazan 12:00etan ere geldialdia egingo dute eragileek.

Ondoren, martxa feminista erreibindikatzaileak Hondarribira joko du 13:00an San Pedro kalean amaitzeko. Eta iragarri dutenez, aireportutik herrira sartzerakoan, San Juan de Dios plazan Sustraitik Gozamenera batukada feminista batuko da manifestaziora, Sabino Arana hiribidetik Portua auzorako bidean. «Musika eta giroa jarriko dugu aldarrikatzeko, eta Hondarribian amaituko da aurten 2018an egin genuen bezala», gogoratzen du Varelak, urte hartan elkartutako jendetza errepikatzeko itxaropenez. Izan ere, igandean egokitu da aurtengo Emakumeen Eskubideen Nazioarteko Eguna. Eta “Beste Mundu Bat Feminismotik” eraiki daitekeela aldarrikatuko dute. «Inoiz baino beharrezkoagoa da, eskuin muturraren mezu eta diskurtso erreakzionarioak errexki hedatzen ari baitira», gogoratzen du Bagera elkarteko ordezkariak.

Hendaian aparteko bi hitzordu

Itziar Varelak ohartarazten duenez, Ipar Euskal Herrian udal hauteskundeen atarian iristen da aurtengo martxoak 8. Hurrengo bi igandetan bozkatzera deituak baitira hendaiarrak. Alde horretatik, indarkeria matxisten kontrako eta berdintasunaren aldeko politika feministak erdigunean jartzeko garaia dela uste du,  «ez baitago herriko etxearen aldetik benetako borondaterik», bere ustez. Horren adierazle da, hain justu, Hendaiako Herriko Etxeak antolatu dituen jardueren egitarauan ez duela herriko elkarte feministaren hitzorduak integratu. 

Hala eta guztiz ere, martxoak 7an, 19:00etan, Avant-Propos liburu-dendarekin elkarlanean emanaldi poetikoa prestatu dute Laetitia Klotz egilearekin. Eta martxoaren 21an, 17:00etan, Bertsolarien Lagunak eta Borderline Fabrikarekin lankidetzan, “ARI GITUN” gazteen bertso saio feminista antolatu dute. Borderline Fabrikan bertan izango da, eta Varelak iragarri duenez, Nahia Etcheverry Lopepe, Pagoa Bidart Hirigoyen, Haira Aizpurua Ibargarai, Goizane Etcheverry Lopepe eta Ainhize Urkia Barrero bertsolari gazteek parte hartuko dute, eta Saroia Idoate Funosas izango da gai emailea.

Esan gabe doa gaiak feminismoa eta Martxoak 8aren karietara proposatuko dituztela. Bagera elkarteko kideak gogoratu duenez, azken urteetan M8 Asanblada Feminista Bidasoak antolatutako manifestazioetan, urtero, bertsolari gazte bat gonbidatu dute manifestuarekin batera abestera. Eta hemendik aurrera, Borderline Fabrikan ere gazteen bertso saio hau antolatzeko asmoa dute. Beraz, aurtengoa abiapuntua besterik ez da.